Laguardia Navarrete
19,6 Kms
Inoiz ez esan edo egin ezer Jainkoari atsegingo ote zaion, berez ona izango ote den eta gure albokoarentzat onbiderakoa izango ote den geure buruari galdetu arte.
Herri eder honetatik aterako gara Laguna de Prao de la Paúl. Balsa kalea jaitsi eta zuzen urmaelara helduko gara. Berata iristean inguratu eta eskumara hartu. Urmaela amaierara iristean, errepiderantz urruntzen den mendi- bidea hartuko dugu. Ezkerrera jo eta gero eskumara, Z bat eginez, A-124 errepidera heldu eta zeharkatzeko. Metro gutxira, ezkerrera errepide bat ikusten dugu eta “Bodegas Ubide”ak seinaleztatzen dituen kartelak. Asfaltatutako errepidea hartu eta 3,3 kilometro aurrera egin.
Eskumara Uribe Upeltegiak utzi eta zuzen jarraitu beti asfaltatutako gure errepidetik, desbiderapenik hartu gabe. Asfaltatutako beste errepide batek gurearekin bat egiten du eskumatik, baina guk zuzen jarraituko dugu. Mendi- bide batek gurea zeharkatuko du. Asfaltatotik jarraitu beti eta Laguna da Carravalseca zeharkatzen joango gara.
Urmaeletik 500 metrora, bidebanatzea aurkitzen dugu. Eskumara hartu (etxe bat dago ezkerreko errepidean, hartuko ez duguna). 1,5 kilometroan beste bidebanatze batera helduko gara eta oraingoan asfaltoa utzi eta gure eskumara dagoen errepidea hartuko dugu. Errepide hau jarraituko dugu beti, bertatik pasatzen den ez bigarren mailako errepide, ez bidegurutzerik hartu gabe. 3 kilometroan Labarca herria ikusten dugu eta bertara zuzenduko gara Diezmo kaletik.
Beti aurrera gure bide zabal eta ongi zehaztutik, Lapuebla de Labarcara iritsiko gara. Herria alderik alde pasako dugu elizaraino, Ebro ibaitik hurbil dago. Errepideraino jaitsiko gara, ibaiaren ondora, zubitik beste aldera igaro behar baitugu, La Estación industrialderako bidean.
Zuzen jarraituko dugu errepidetik (LR-251). Trenaren tunelera hurbilduko gara, gure eskuinean dagoen bigarren tunel batetik pasa gaitezke. LR-251 errepidera itzuli eta Camping Fuenmayorra hurbilduko gara. LR-251 errepidetik jarraituko dugu eta 800 metrotara ezkerrera hartuko dugu Huerta Bidean sartzeko. Bidegurutze batera iritsi eta eskuinera jarraituko dugu, araztegi baten ondoan. Lapuebla eta Fuenmayor lotzen zituen errepide zaharrean gaude, behin Ebro ibaia gabarrarekin zeharkatuta. Segur aski, errekan gora doan bide hori hainbat aldiz pasatu zuen Ignaciok. Beti buru-belarri, ez dugu galerarik. Fuenmayorra helduko gara eta asfaltatutako bide beretik, Plaza Nagusira eta Santa Maria elizara iritsiko gara.
Herria gurutzatuko dugu N-232 errepidea bilatzeko, Navarreteko errepidearekin (LR-137) egiten duen bidegurutzea, hain zuzen ere. Bidegurutze horretara iritsi eta gurutzatutakoan, ezkerrera hartuko dugu, asfaltatu gabeko bidearen bila, Navarreterako errepidearen paraleloan doana, baina trafikotik urrun. Gure bidea bidegurutzetik 150 m-ra dago, eta nabarmena da uraren kanal baten ondoan dagoelako. Hori hartuko dugu, eskuinera, eta zuzen jarraituko dugu, inora desbideratu gabe. Zutabe batean “Camino Viejo a Navarrete” ikusiko dugu.
Oinez jarraituko dugu, uraren kanala beti gure ezkerrean dugula, gure bidearen paraleloan. Azkenera iritsiko gara: AP-68 autopistak behartzen gaitu eskuinera biratzera, errepidera iristeko eta zubiaren azpitik pasatzeko. Zubia igarota, 250 m-ra, ezkerrera hartuko dugu, asfaltatu gabeko bide bat, eta autopistako ordainketa hesi ingurura hurbilduko gaitu. Autopistako hesien ondotik pasako gara, hauek ezkerrera ditugula, eta aurrera jarraituko dugu asfaltatu gabeko bidetik.
Uraren kanal bat igaroko dugu eta bidegurutzean eskuinera hartuko dugu. Aurrera jarraituko dugu eta zubi batera hurbilduko gara, A-12 autopistak goratzen duena. Azpitik pasako gara, eta beti aurrera jarraituko dugu, Navarretera hurbiltzeko. Azkenik Ignazioren esperientziari hain loturik dagoen herri honetara iritsiko gara.
FUENMAYOR
Ayuntamiento . Tel: 941 450 014.
Hostal Labranza** . Avenida de la Estación, 1. Tel: 941 451 028
Pensión Fuenmayor . Avenida de la Ciudad de Cenicero, 7. Tel: 941 450 152
Pensión Úbeda . Calle Úbeda nº15, Tel: 663 77 96 29 (Erromes Prezio berezia 15 – 18 €)
LAPUEBLA DE LABARCA
Refugio de Peregrinos. 8 camas. [email protected] Ayuntamiento . Tel: 945 607 051.
Casa Rural Barkero Etxea . (capacidad 10 personas) C/ Mayor, 25 Tel: 945 627 218
Casa Rural Kandela Etxea . Mari Cruz Saenz Diaz, 14 Telf: 669 217 711
NAVARRETE
A Posada Ignatius . Plaza del Arco, 4, tel: 941 124 094
Albergue Asociación Riojana de Amigos del Camino de Santiago . 941 260 234 / 941 239 201.
Albergue Buen Camino . C/ La Cruz, 2 Tel: 681 252 222 / 941 44 03 18
Albergue La Casa del Peregrino . C/ Las Huertas nº 3 Tel: 630 982 928
Albergue municipal . (40 plazas). C/ de la Cruz s/n. Tel: 941 440 776
Albergue Pilgrim’s. C/ Abadía, 1 Tel: 941 44 15 50
Alberque Turístico El Cántaro . (capacidad 12 personas) C/ Herrerías, 16. Tel: 941 441 180.
Ayuntamiento . Tel: 941 440 005
Hostal Villa de Navarrete* . C/ la Cruz, 2. Tel: 941 440 318.
Hotel Rey Sancho*** . Calle Mayor Alta 5, Tel: 941 441 378
Hotel San Camilo *** . Carretera de Fuenmayor 4, Tel: 941 441 111
Taxi . 656 684 950
Etapa erraza, Ebro ibaira hurbildu gaitu, eta hau izango dugu gure bidelagun bikaina une honetatik aurrera etapa askotan zehar. Etapa hau laburra izan denez, igarotzen ditugun herrien edertasunaz goza dezakegu lasai asko.
LAPUEBLA DE LABARCA: 850 biztanle pasa ditu, herri nahiko sortu berria da (1369) eta, nonbait Ebro ibaia ertz batetik bestera gurutzatzeko txalupan zeukan bere jatorria, hori igaro behar baitzen Nafarroa Gaztelarekin lotzeko. Igokundeko Andre Mariaren elizari (XVI. mendea) zegozkion txaluparen joan etorrietako diru-sarrerak, igandeetan eta Amabirjinaren jai-egunetan. Eskualde honetan ardoaren kultura antzinakoa den seinale, Koben auzoa ikus daiteke, XVII. eta XVIII. mendeko upelategiek, herriaren mendebaldeko mendi-muinoa zulaturik baitute barrutik. Herrian jatetxeak, botikak, supermerkatuak eta banketxeak daude.
FUENMAYOR: Herri honen jatorria, dirudienez, dorre-gaztelu batean egon daiteke, ureztatzeko uren banaketaz arduratuko baitzen, eta herriari izena emango zion iturri emankorrean: fuente mayor=iturri nagusia. 1363an Fuenmayor herri finkatua zen, bere eliza eta biztanleria zituena. Urte horretan Santa Maria Real monasterioak Navarreteri saldu zion Fuenmayor, bere 27 auzotarrekin (familiekin). 1521ean, Paviako batailan, Karlos V.ak Frantzisko I.a errege frantsesa menderatu zuen. Errege frantsesa, Antonio de Leiva izeneko batek hartu zuen preso, Fuenmayorkoa bera, eta horrek mesede gehiago ekarri zizkion hiribilduari. Ardo onak dituen lurra da hemengoa, garbi ikus daiteke hori Santa Maria elizaren aurrean (XVI. mendekoa) mahatsari egindako monumentuan. Elizako dorrea bota eta 1981ean berregin zen. Fernández Bazan jauregiaren aurretik igaroko gara (XVIII. mendea); armarri ederra du bere aurrealdean. Herrian, botikak, supermerkatuak eta banketxeak daude.
NAVARRETE: Herri ospetsua da hau bere zeramika tailerrengatik eta gaztelarren eta nafarren arteko batailengatik. Mendi muino baten gainean, etxeak beren armarriekin ikusiko ditugu, herri honek zuen garrantzia adieraziz, Naiarako Dukeek jauregia baitzuten bertan. Gaztelako Alfonso VIII. erregeak, gotorlekuaren inguruan bil zitezela eskatu zien herritarrei, horrela beren buruak defendatzeko eta dukeari bere mugak defendatzen laguntzeko, Nafarroako erresumaren aurrean. 1482an Errege Katolikoek Naiarako Dukerriaren noble titulua eman zioten Antonio Manrique de Lara Dukearen aitari (Nafarroako erregeorde ere bazena 1515etik 1535era). Honek ongi ezagutu zuen Ignazio. Navarreteko bere jauregian, Dukearekin konpondu gabe zuen gauzaren bat konpontzera etorri zen Loiolako Ignazio, Montserraterako bidean. Harlanduzko eraikina da Jasokundeko Andre Mariaren eliza, hiru nabe ditu eta gurutzeriarekin estalita dago 1553an hasi ziren eraikitzen, Juan Vallejo eta Hernando de Mimenzaren agindupean, eta Juan Perez de Solarte edo Pedro de Aguilera bezalako harginek hartu zuten parte; 1645ean amaitu zuten obra. Xabierko Frantzisko santuaren erretaula bat ikus dezakegu gurutzeriaren beso batean, Matias de Irala fraide madrildarrak egina, 1720an margotua. Donejakue bideko “Frantsesen Bidea” egiten dihardutenekin topo egingo dugu Navarreten. Herrian jatetxeak,botikak, supermerkatuak eta banketxeak daude.
Oharpenak: Gure bizitzetan gaizkiak duen presentzia kontuan hartzen jarraituko dugu, baina gaur era pertsonalagoan. Berriro gure akatsen kontzientzia hartzea bilatuko dugu, eta Ignaziok berriro “egun triste” bat esperimentatzeko aholkua ematen digu, gure bizitzan bekatuaren errealitate hori aurkitzean. Manten dezagun aldarte bihozmindu hori hausnarketa aldian, gaizkiaz jabetzen hobeki laguntzeko.
Eskaria: Sortua izan naizen helburuaz eta Jainkoak gonbita egiten didan bokazioaren jakitun izanik, eskatzen dizut, Jesus Jauna, eman diezadazula nire bizitzan, bekatuaren eta nahikari okerren presentzia sakonki ulertzeko gaitasuna, horien lotsa eta nahasmena sentituz irits dezadan horrela nire sendabidea eta barkamena.
Gogoetak: Atzo, mundu bekatariaren errealitatea, neure bekatua, sakonago ulertzeko graziaren alde egin genuen otoitz. Egia da gu ere bekatariak garela, ez hiltzailerik ankerrenak bakarrik, baizik lehen graduko nire maistra jatorrak esan ohi zuen bezala: gutako bakoitza da bekataria, Aita-santuarengandik hasi eta gaur goizeko albistegien gertakizunak betetzen dituzten zoritxarreko behartsuenenganaino. Gutako bakoitzak ditugu, Jainkoaren planaren aurka matxinatzen gaituen ohiko jokabideak: Zein da nirea? Salmoak hots egiten du: “Jaunak entzuten du behartsuen oihua”. Eta guk zer? Ba al ditugu zenbait jokabide, gehienetan “premian direnekin” topo egin dugunean entzungor izan garenak: behartsuak, zaharrak, oso herrikoiak ez diren “lagunak”, baztertuak, etab.? Ba al da gure jokabideetan, beste pertsonak edo egoerak erabiltzen eta haietaz baliatzen garenik, geure premiak asetzeko, arreta deitzeko, diru zikina lortzeko, geure sexuaz baliatzeko, onespena erosteko, modu berekoian erosotasuna, bazterketa, ez inplikatzea bilatzeko?
Gaur gure bekatari izaera ulertzeko grazia eskatzen dugu. Sarriegi, gure kulturak “anestesiatu” egiten gaitu, gure gaizkiaren erantzukizunik ez hartzeko. Aristotelesek, esan zuen behin “aztertu gabeko bizitzak ez du merezi bizi izatea”. Horrekin, gure akatsak eta ohiko okerrak aztertu beharraz ari gara, gure bizitzako txoko ilun horiek, baita “normal” bihurtu diren ohiturak ere, beherantz eramaten gaituztenak eta ez digutenak itzultzen uzten eta Jainkoarekin, ingurukoekin eta Jainkoaren munduarekin harreman egokian bizitzen. Eska diezaiokegu Jainkoari, eman diezagula geure buruari eta geure bekatuei, gure puntu itsuei, aurre egiteko ausardia, horiek ezagututa gaitzetsi ahal izateko.
Ziurta dezagun Jainkoarekin eta Jesusekin hitz egitea. Gure bekatuan utzita sentitzea da hain zuzen ere gaurko egunerako bilatzen dugun graziaren guztiz kontrakoa, Gure bekatuen kontzientziak ez gaitu utzi behar geure auto-errukian edo depresioan iraulka, baizik alderantzizkoa eskatzen dugu graziaren bidez: miresmen eta eskerroneko sentimendua «bekatariak izanik maitatu» gintuen Harenganako, hain maite izan gintuen Jainkoak, bere Seme bakarra eskaintzeak merezi zuela uste izateraino. Jesusek hainbeste maitatu gintuen, bekatariak garela jakinda ere, bere Aitari laguntzeko bere nahia erabatekoa izan zela. Ignaziok gure bekatuen benetako lotsa sentitzera gonbidatzen gaitu, oraindik hemen bizirik egotearen mirari handiarekin batera: bekatari, maitatu eta berrerosia sentitzearen miraria. Barruko sendabidea bilatzen dugu, bekatari maitatuak garela jakinik.
Testuak:
Lukas 15:1-7. Jesus da bekatariei harrera ona egiten diena eta haiekin batera jaten duen gizona.
Lukas 5:1-11. Nik esaten diot Jesusi: Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz-eta!
2 Korintoarrei 12:8-10. Ahulezian agertzen baita nire indarra.
Azken hizketatxoa: «Kristo gure Jauna aurrean eta gurutzean josita irudikaturik, hizketatxo bat egin: nola etorri den Egile izatetik gizon izatera, eta betiko bizitzatik aldiko bizitzara, eta horrela ene bekatuengatik hiltzera. Beste horrenbeste neroni begira: zer egin dudan Kristogatik, zer egiten dudan Kristogatik, zer egin behar dudan Kristogatik; eta horrela, gurutzean esekita ikusiz, pentsatu buruak ematen duen guztia. Hitzaurrea, egiaz, mintzatuz egiten da, lagun batek besteari edo morroi batek nagusiari hitz egiten dion bezala; inoiz mesede bat eskatuz, inoiz egindako erruren bat bere bururatuz, inoiz gauzak elkarri kontatuz eta haien argibidea bilatuz. Esan Gure Aita».
Ignaziok bere bizitza aldatu nahi du eta, horretarako, zer hoberik kontu guztiak ongi garbituta eta itxita uztea baino. Eta dirurik ez egon arren, Najerako Dukeak ez du zalantzarik izango Ignaziorenganako bere maitasuna agertzeko eta eskatutako guztia emateko.
«Eta dukearen etxean dukat apur batzuk zor zizkiotela bururatu, eta egoki iruditu zitzaion haiek kobratzea; eta hori jakinik, dukeak esan zuen, edozertarako falta zitekeela dirua, baina ez Loiolarentzat; ondare on bat eman nahi baitzion berari, berak nahi izanez gero, iraganean irabazitako kredituaren ordain. Diruak kobratu zituen, derrigortua sentitzen zen zenbait pertsonari banatzeko agindu zuen, eta zati bat eman zuen Andre Mariaren irudi batentzat, gaizki osatua baitzegoen, hura osatu eta oso ongi apaintzeko. Eta hala agurtu zituen berarekin zihoazen bi morroiak, bakarrik abiatzeko Navarretik Montserratera. Bere herritik abiatu zenetik gauero diziplinatzen zen».
Ez da dirua Ignaziori axola zaiona, izan ere, karitateko obretan edo berak zerbait zor ziela uste zuenen artean banatu baitzituen. Ekintza ontzat jo zuen Andre Mariaren irudia konpontzea. Bere bidea egiten ari zen Ignazioren barne eraldaketa, eta normala da ikur erlijiosoetan azaleratzea. Eta baita penitentzia ekintzetan ere, gauero bere burua zigorkatuz. Ez gaituzte harritu behar, antzinako okerren ordainez eta Jainkoak eskaintzen dion bizi berrirako dohaina jasotzeko prestaketa gisa egindako penitentzia hauek. Jarrai diezaiogun Ignaziori bere prozesuan: agian gu ere gonbidatuak izan gara bizi berri bat hastera.
Bizikletaz egiteko erraza
Laguardia: Km 0.
Lapuebla de Labarca: Km 9,9.
Fuenmayor: Km 14,5.
Navarrete: Km 19,6.
Leave a Reply