Lau Aste
Hemen eskaintzen dugu Ignazio Bidearen etapen banaketa posible bat, Gogojardunen “Lau Asteen” prozesuari aplikaturik. Erromesak berak ezagutzen dituenez bere prozesu pertsonala eta berak dituen denbora-mugak, bakoitzaren esku utziko dugu, gure proposamena norberaren premietara egokitzea. Prozesu normala “Lehen Astearekin” hasten da, beraz, norbaitek aste bat bakarrik egin nahiko balu, ondo legoke meditazio hauetatik hastea eta ez azkenengoetatik. Baina bakoitzak du bere jakinduria. Eta zalantzan baldin badago, ziur aurkituko duela Gogojardunak bere bizitzan esperimentatu dituen norbaiten aholkua.
Erromesaldiaren lehen astea: Loiola – Logroño.
Ikuspegi hau Candido de Dalmases, sj.-ren “Place me with your son” (Georgetown Univ. Press, 1986) liburutik hartuko dugu «Loiolako gaixoaldiko egunetatik, bere bizitza ordenatzekoa izan zen Ignazioren etengabeko bilaketa. Hor ohartuko zen, lehenbiziko beharrezko gauza bera zertarako sortua izan zen jakitea zela. Gehien axola ziona Jainkoak beretzat pentsaturik zeukana ongi betetzea zela. Baina Jainkoaren nahia betetzeko, lehenbizi ezagutu egin behar zuen nahi hori. Horretarako oztopo zitzaizkion bere “nahikari okerrak”, adimenaren begiak iluntzen baitituzte eta norbere nahia gaizkira bultzatzen, eta bere burua hobetu beharko zuen horretarako. Borroka egin beharko zuen bere nahikari oker horien aurka: Hori izango zen bere azken xedea, Gogojardunek lagunduko zioten horretan, eta liburuaren izenburuak laburbiltzen du bere eduki osoa: “GOGOJARDUNAK NORK BERE BURUA MENDERATU ETA BERE BIZITZA ZUZENTZEKO, MORDOILOTUA DEN EZEIN NAHIKARIK GRINATU GABE”».
Hau da erromesaren lehen urratsa: aurkikuntza (Jainkoaren nahia eta nahikari okerrak) dinamika batean sartzeko gogo bizia sentitzea, argi pixka bat egin diezaion bakea, askatasuna eta zoriontasuna bilatzeko bere ahaleginean. Ignazio bide horretan sartu zen «bere Kreatzaile eta Jaunaganako adore eta eskuzabaltasun handiz». Barne jarrera hauxe bera hartu beharko luke Ignazio Bidea egitera doan gaurko erromesak.
Gogojardunen lehen aste honetan, erromesa, Ignazioren esperientzia jarraitzera dago gonbidatua: «Iñigok bere bizitzaren nondik norakoak aztertu zituen bere buruan, gogoratuz, urtez urte egindako bekatuak, bizi izandako etxeak, besteekin izandako harremanak, bete zituen ardurak. Bi sentipen nagusitu zitzaizkion bere ariman, lotsa eta tristura: lotsa bere bekatuek sortzen zioten higuinagatik, tristura Jainkoa ofenditzeagatik. Baina emaitzak ez zion etsipenik sortu». Ignazio, Jainkoaren Maitasun Gurutzearen aurrean aurkitu zen eta Haren erruki handiaz jabetzean, bere buruari galdetzen dio: “Zer egin dut nik Kristogatik? Zer egiten dut orain Kristogatik? Zer egin behar dut Kristogatik?”. Iñigoren erantzuna galdera hauen erantzuna izango da.
Lehen astea Ignaziorekin batera ibiliz egin dezaten gonbidatzen ditugu erromesak, eta hark bezala galde diezaiotela beren buruari: Zer egin dut nire bizitzan? Zein da nire norabidea? Jainkoaren nahiak zer leku dauka nire bizitzan? Eta nire nahikari okerrak? Ez dezagun presarik izan erantzuteko, baizik utz diezaiegun erantzunei berez sortzen gure meditazio eta ibilaldietan.
Bigarren Astea: Logroño – Zaragoza.
Gure Gogojardunen bigarren astean sartzen goazen neurrian, dagoeneko badugu gure “jardunaldien” lehen fruituen esperientziaren bat: gure bihotza Jesukristoren bake eta maitasunez betetzen da, haren errukia eta Aitaren besarkada beroa esperimentatu ondoren, berriro Bere etxera sartzeko eskatuz. Esperientzia honen ondoren, erromesak Jesusi berriro ofentsarik ez egitea ez ezik, hari jarraitu nahiko dio. C. Dalmasesek dioenez, Kristo, Errege bat bezala aurkezten zaio erromesari, eta berak zerbitzatu beharko du «munduko nagusiak zerbitzatu dituen baino leialtasun handiagoz. Jesusek erromesak egiteko handi batera deitzen ditu, gizadi galdua berreskuratzera». Ignaziorentzat santu izateak erreinuaren konkistan parte hartzea esan nahi du. Ignaziok ezagutzen zituen Kristoren etsaiak, bere munduko esperientziatik. Horrela bada, «Ignaziok kanpaina honetan parte hartzea erabakitzen du, ahal duen eskuzabaltasun handienez. Berak ez du, bere aurretik doan Jesusen eredua jarraitu baino egin behar. Bere nahi bizia izango da Kristo barru-barrutik ezagutzea, gehiago maitatzeko eta hari jarraitzeko» hobeto eta ahal den gertuen. Ebanjelioko pasarteak meditatuz, Ignaziok nahi du «Bere Maisu jainkotiarraren “asmoetan” sakontzea, Haren espirituan eta printzipioetan alegia, munduaren guztiz alderantzizkoak direnak: pobrezia eta apaltasuna, diruzalekeria eta harrokeriaren ordez. Mendiko Hitzaldian dena laburbildurik aurkituko du, han Jesusek bere zoriontasunak erakutsi baitzizkion munduari. Iñigok pobrezia eta umiliazioak bereganatuko ditu, Kristo behartsu eta umiliatuaren antzeko izateko, eta horrela Haren ikurrinpean onartua izateko». Aste honetan Jesusekin batera Ebanjelioan zehar ibilaldia egitera, eta Jesukristoren zerbitzuan, haren ikurrinpean sartzera gonbidatzen dugu erromesa, Ignazio Bidean erromes. “Kristoren Bidea” aurkitu behar dugu, eta aurkitu egingo du erromesak Hark erakarria sentitzen bada, Ignazio sentitu zen bezala.
Hirugarren Astea: Zaragoza – Fraga.
Gogojardunetan, etapa hau alderatzeko unea da: aurreko etapan zehar sortzen joan zaizkigun asmo on guztiak, gurutzeko heriotzaren esperientzian garbitu behar ditugu. Ignaziok Jaunaren nekaldiaren eta haren heriotza ulertezinaren misterioan zehar gidatzen gaitu. Erromesa gonbidatua dago misterio mingarri hauetan bihotz eta arima sar dadin. Jesusen lehen ikasleek gertakari hauek xehetasun handiz gogoratzen dituzte, eta badirudi hauek izan zirela lehenbizi idatzitako gertakariak, horien oroimena ongi jasotzeko. Esperientzia harrigarri honek aldatu zuen Ignazioren mundua eta gurea. Maisua bakarrik utzi zuten denek, baita bere Aitak ere. Baina Jesusek Sinesmenaren indarra, Maitasunaren espiritua eta Itxaropen izugarria zeukan, Jainkoa gizadiaren onerako ari zela, hura egitean. Ignaziok une hauek partekatzera gonbidatzen gaitu, Harekin begiratu eta otoitz eginez, bere azken orduan, jakitun izanik, Haren nekaldia egunero eszenaratzen dela, behartsu eta sufrimendua jasanez, Haren jendearen baitan.
Aste honetan, erromesa, modu anitzetan agertzen den Jesusen Gurutzean meditatzera gonbidatuta dago, nola bere bizitzan hala munduan. Gure munduko gurutziltzatuen enpatia sentituko dugu eta gure asmo onei buruz egingo dugu meditazioa: prest al gaude azkeneraino jarraitzeko gure Erregeari?
Laugarren Astea: Fraga – Manresa.
Ignaziok mundu berri batera eramaten gaitu gure laugarren eta azken astean: piztuerak beste hasiera batera eramaten gaitu, berriro Erreinuaren alde lan eginez. Kristo berpiztuak bere jarraitzaileei ematen dien poza, alaitasuna, bizi-uholde berria, Pazkoa goizetik gaur arte, hori da laugarren astean eskatu behar dugun oparia. Harekin batera igaro dugu Gurutzea eta orain harekin batera poztu behar dugu: «Izan ere, Kristorengatik jasan behar ditugun sufrimenduak ugari badira, ugaria da, era berean, Kristok ematen digun adorea» (2 Korintoarrei 1,5). Aste honetan proposatutako Ebanjelioko kontenplazio guztietan, ikus dezakegu nola Jaun berpiztua, agertzen den jainkotasunaren benetako distiraz, Aitak maite dituenak poztuz eta haiei adorea emanez.
Gure Ignazio Bidearen azkenera iristen goazen heinean, amets bat gauzatu izanaren poza senti dezakegu: ibilaldia egin dugu Ignaziorekin eta Kristo Jesusekin, “zaldun harro” hura orain 500 urte eraldatu zuen bide espiritualean. Izan gaitezen esker oneko gure Jainkoarekin eta egin dezagun pozik aste honetako bidea. Jainkoaren Maitasunaren kontenplazioak lagunduko digu gure erromesaldiaren fruituak ongi finkatzen.
Biderako Aholkuak
Alderdi praktikoak, egiaztagiriak, ziurtagiriak, garraiobideak, ostatua…
Inaziotar Bidea
Erromes-bideak, Iraganean erromes, Ignazioren Espainiako aldian, Eskerrak ematea…
Erromesaren Bulegoa
Esperientziak, Jarduerak, Agentziak, Kredentzialak, Bidea Errespetua, Elkarteak, Aholkuak Erromesentzat…