Erromesaldia kontzeptuaren garrantzi globalak pisua du Ignazioren pentsamoldean. Bere obra nagusia “Gogojardunak”, nagusiki, erromesaldian osatu zuen, eta bere Autobiografian, bere buruaz ari dela ez du “Ignazio” esaten “erromesa” baizik. Gainera, Jesusen Lagundiko Konstituzioetan finkatua utzi zuen, prestakuntzan zeuden jesuita guztiek egin behar zutela beren erromesaldia, ordena erlijioso guztien artean bakarra da baldintza hori.

Europako kristau-herrian dauden erromesaldi garrantzitsuenek, beren erlikia edo gertakari erlijiosoengatik ospea duten helmugak badituzte ere jomugatzat, benetako gizaki batek egindako ibilbidea markatzen digu Ignazio Bideak. Erromesek ez dute leku baterako bidaia egingo bakarrik, baizik Ignazioren esperientzia bizitzen saiatuko dira, Espainian zehar egingo duten ibilaldian.

Gaur egungo Espainiak 45 milioi biztanle inguru ditu. Horrek kopuru handia dirudi, baina, Madril eta Bartzelona Europako hiririk jendetsuenen artean egon arren, Espainia, oro har, metro koadroko biztanlerik gutxien duenetako lurraldea da Europan.

Pentsa dezagun orain, Loiolako Ignazioren Espainiak, zazpi edo zortzi milioi biztanle izango zituela, gaur egungo biztanleen %20a. Irudika dezagun Penintsula, oraingo herrien %20arekin. Irudika ditzagun paisaia askoz hutsagoak: etxe, biltegi eta errepide gutxiago, argindar posterik ez, eta horrela beste gauza gehiago.

Ignazioren garaian zarata gutxiago egongo zen. Begira diezaiogun gure mundu zaratatsuari. Herri txikiak ere zarataz beteta dauzkagu, ibilgailuen zaratak, autobusen freno hidraulikoenak, mailu mekanikoen zaratak… Ignaziok,  aldiz, haizearen, txorien, bere mandemearen hanka-hotsa baino ez zuen entzungo, eta izatekotan gurdiren batena noizik behin.

Espainian orduan jende gutxiago bizi bazen ere, ez dezagun pentsa Ignazio erromes bakartia izango zenik, bidean beste inorekin topo egingo ez zuenik, hain lasai zegoen paisaian zehar zihoala. Egia da erdi aroko europarrek gutxi bidaiatzen zutela. Orduan ez zen oporrik hartzen, edo ez zuten beren familia birkokatzen lanpostu hobe baten bila, edo ez ziren salmenta konbentzio batera joaten. Beren herrixkaren inguruko eremu txikian ematen zuten bizi osoa. Ignazioren garaikide gehienek ez zuten inoiz beren etxetik hogei kilometro baino urrunagora bidaiatzen.

Ignazioren garaikideek gutxi bidaiatzen zuten, eta elkarrekin topo egiten zutenean, eztabaidan sartuko ziren behar bada hurrengo herrira zegoen tarteaz, han ostatu hartu ote zezakeenaz, bide-lapurrik egon zitekeen ala ez, eta holako asko. Nolanahi, Ignaziok ez zeraman maparik, garai hartan ez zegoen bide-seinalerik, eta ezingo zuen aldez aurretik deitu, ostatua gordetzeko eta informazioa biltzeko.

Ignaziok ez zeukan erlojurik eta ez zuen jakingo ordu zehatzik. Baina gauero beharko zuen babestokia eta, beraz, gu baino adiago egongo zen eguzkiaren ibiliari, eta igarriko zion ezkutatu bitartean zenbat denbora gelditzen zitzaion, hurrengo geldialdira iristeko zenbat denbora beharko zuen neurtzeko. Gogoan izan dezagun, jende gutxi ausartzen zela orduan, bide ezezagunetatik bidaiatzen, gauez eta argirik gabeko mundu batean.

Beraz, zalantzarik gabe, hizketan hasiko zen beste bidaiariekin, inguruko herrietako informazioa biltzeko eta ostatua non aurkitu jakiteko. Bitxia da benetan, Ignaziok jasotzen duen elkarrizketa bakarra, musulman batekin egindakoa izatea, bere bidaian gurutzatuko zituen gehienak kristau katolikoak izango zirela kontuan izanik. Egia da, Martin Luterok erlijio katolikoaren aurkako bere lehenbiziko salba 1517an jaurti zuela, bere 95 tesiak eliza aleman bateko atean iltzatu zituenean, eta baita, Ignazio Montserratera bidean astiro zihoan bitartean, Eliza Katolikoa abiada bizian ari zela krisian sartzen. Bere kideen hirutik batek, belaunaldi eskas batean, alde egingo zioten Erreformara (hau da, protestantismora) pasatzeko.

Baina Ignazioren Espainian ez da sumatzen urruneko lurrikara horren dardararik, kristau-katoliko tradizioari leial eta musulmanen inbasioetatik aske izatea lortu berritan zeuden gainera. Espainiak mendeetan babesa eman zien Europa osoak batera baino musulman eta judutar gehiagori, baina 1492an, Ignazio jaio zen hurrengo urtean, Fernando eta Isabel errege katolikoek lau hilabete eman zizkien judutarrei katoliko bihurtzeko edo bestela Espainiatik alde egiteko. Bihurtu eta bertan gelditu zirenek, ez zuten nahi izan edo ezin zuten beren bizitza horren azkar aldatu, ezta beren ondareak saldu ere, beraz askok ezkutatu egin zuten beren jatorriko erlijioa, ahal zen neurrian noski. Aurreiritziak asko indartu ziren. Espainiarrak “odol garbitasunaz” itsutu ziren. Lanpostuak ukatu zitzaizkien erlijio katolikora bihurtutakoei eta hauen ondorengoei, eta ezin ziren orduko seminario gehienetan sartu.

Aurrekari hauekin, Ignazio pentsamolde estu eta isolatuko pertsona fanatiko gisa irudika lezake norbaitek. Baina erdi-aro berantiarreko testuinguruaren barruan aztertuta, Ignaziok mundurako irekitasuna landu zuen, harrigarria dirudiena zenbaitetan, baita XXI. mendeko estandarren parean jarrita ere. Espainia arrazistaren etsaigo militantearen erdian hazi bazen ere, berak bihurtutakoei ongietorria emango die geroago Jesusen Lagundira, eta bere jesuita kideak harritu ere egin zituen behin, berak judutar odola izan balu bedeinkapentzat izango zukeela esatean; hau da, pribilegio bakartzat izango zukeela, Jesusekin, honen munduko familiarekin ahaidetasun etnikoa izatea.

Erromes bihotza lortu:

Ignazio Jainkozale itsua da, fedeko gizona, borrokalaria, ez da aparatu edo botere gizona. Gizon “argiegina”, “gartsua” deitu izan zioten. Eta sinesmen berritu, garbitu horrekin, Ignazio mezu eramaile bihurtu zen, eta puntako bihurtu zen bere metodoa, erreforma protestantearen aurka katolikoen erantzuteko moduan. Loiolako Ignaziok, pertsonalki, ahalmena izan zuen behin ere halako ezer ez aitortzeko, guztiz alderantziz baizik. Apaltasun honek bultzatuko du Aita-santua bere dotrina gogo onez onartzera.

1523ko otsailaren erdi aldera, Bartzelonatik irten zuen itsasoz. Erromara joan zen lehenbizi Aita-santuaren bedeinkapena jasotzera. Erromara iritsita, ordea, hiri santuak liluraturik sentitu zen, bertan aurkitu baitzuen bila zebilena. Handik Veneziara eta Jerusalemera joan zen gero, baina Lurralde Santuan ez dute hartaz ezer jakin nahi, benetako “argiegintzat” hartu zuten. Berriro Espainiara itzulita, erabakia hartuta zegoen: bere esperientzia mistikoa komunikatu nahi zuen, bera bezala pobre bizitzeko prest zeuden gizonak bilatu nahi zituen Ebanjelioa hots egiteko. Horretarako ikasi egin behar zuela erabaki zuen.

Ignazio bi urtez gelditu zen Bartzelonan eta gero Alcalako Unibertsitatean matrikulatu zen. Han hiru gazte ezagutu eta bere proiektuarekin berotu zituen. Giza talde txikiak arreta deitu zuen, lehenik zeramaten janzkeragatik: Inkisizioa kezkatu zuten “tunika griseko” ikasleek. Arrastatu eta heresiaz salatuak izan ziren Gogojardunak predikatzeagatik.

Sinismena sendotzeko teknika eta esperientzia pertsonalen bilduma, “Gogojardunak”, Ignaziok bere bizitzako zati handian zehar idatziak izan ziren. Idatzi eta berridatzia, bere esperientzietan oinarrituz, liburu bitxia da, baita egungo ikuspegitik begiratuta ere. Ignaziok formulak, arauak, “egunetan” antolatutako errezetak ematen ditu, Jainkoaren ahalik gertuenera iristeko. Eta antzinako maisuen autoritate printzipioen aurrean, Loiolako Ignaziok bere esperientzia pertsonal bakarra jartzen du, sentitzea eta bihotz-mugida. Jainkoak ez du existitzen, Elizako Aita guztiek eta dauden santu guztiek hori egiaztatzen dutelako, dio Ignaziok. Existitzen da, nik sentitu, ikusi, ukitu eta haren mina sentitu dezakedalako. Ignazioren ulertzeko eran, oroitzapenaren indarra, emozioaren ahalmena dago. Honek esplika lezake behar bada, bere kontenplazioetan egiten duen irudikatze “antzerkiaren” zaletasuna. Gauza honek merezi du aipatzea: jesuitak izan ziren antzerkiaren arte hau eskoletan irakasten lehenbizikoak, Ignazio zuzendaria, aldiz, Inkisizioak jazarria izan zen aurreko mendeetan.

Alcalan debekatuta, “tunika grisekoak” beste ikasleak bezala hasi ziren janzten. Iñigo Salamancara joan zen. Han berriro izan zen atxilotua, heresiaz salatua eta presondegira bidalia (hogeita bi egunez). Berriro debekatu zioten jendaurrean teologiaz hitz egitea, eskatzen zitzaizkion kalifikazioak lortu bitartean. Erabakia hartu zuen: Ignaziok teologia ikasiko zuen, hori bazen behar zena, baina hor amaituko zen Espainiako bere erromesaldia.

Hurrengo urratsa Paris izan zen, Europa kristauko unibertsitate nagusia zegoen hiria. Espainiatik urrun, beti jarraituko zuen erromes-bidean, eta baita Erroman modu iraunkorrez bizi izan zen garaian ere, haren bihotza beti izan baitzen erromes batena.

Erromesak interesik balu Bartzelonaz zerbait gehiago jakiteko + Iñigo Bartzelonaz. Erromesak interesik balu Alcalaz zerbait gehiago jakiteko. Erromesak interesik balu Salamancaz zerbait gehiago jakiteko.

Biderako Aholkuak

Alderdi praktiko, ziurtatuak, egiaztagiriak, garraiobideak, ostatua…

Bizitza, erromesaldia

Gogojardunak eta erromesaldia Ignazio Bidean, Lau Aste, Ignazio Bideko otoitz-gida, Ignazio Bidea arnastuz, Sarrerako otoitza…

Erromesaren Bulegoa

Esperientziak, Jarduerak, Agentziak, Kredentzialak, Bidea Errespetua, Elkarteak, Aholkuak Erromesentzat…