Inaziorekin Erromes Joanez

Bizitza, erromesaldia

Gogojardunak eta erromesaldia Ignazio Bidean

 

Loiolako San Ignaziok balio handiko herentzia espirituala utzi zigun bere Gogojardunen bidez. Hain zuzen ere, “jarduteko” eta “espiritua forman” edukitzeko“ariketak” dira. Ignazio Bideak aukerak eskaintzen dizkigu, eskuzabaltasunez, forma fisiko ona eskuratzeko. Gure nahia da, hori baino aurrerago iristea eta “ariketa” on batzuk ere eskaintzea, erromesak bere barne bidea egin dezan, Iberiar Penintsulako errepide eta mendi-bideetan egiten duen bidearekin batera.

San Ignaziok Gogojardunetako bere 1. oharpenean esaten digun bezala: «gogojardunak, direlako izen honetaz adierazten dela nork bere barrenaaztertzeko, hausnartzeko, kontenplatzeko eta hitzez nahiz gogoz otoitz egiteko edozein modu, eta beste zenbait espiritu-jardun, aurrerago esango denez. Izan ere, paseatzea, ibiltzea eta lasterka egitea gorputz-jardunak diren bezala, halaber espiritu-jarduna deritza arima prestatzeko eta atontzeko zeinahi moduri, eta norberagandik nahikari oker guztiak erauzteko eta, erauzi ondoren, Jainkoaren borondatea bilatzeko eta aurkitzeko eta bere bizia ordenatzeko eta arima sendatzeko beste edozeini».

Ignazioren EDOZEIN MODU hori geure eginez, San Ignazioren Gogojardunekin “paraleloan” jarraituko duen gida espirituala proposatzea da gure nahia, egunero otoitz egiteko “grazia” bat, gogoetatxo bat eta idazki zati bat irakurtzeko eskain dezan (ez ahaztu Biblia eramatea zeurekin!). Meditazioen ordenak Gogojardunen formatua jarraitzen du. Beraz, guk proposatzen dugun Ignazio Bidetik doan edozeinek egin dezake Gogojardunen esperientzia “autogidatua”.

Ignaziok “hizketatxo” deitzen dion otoitz egiteko modua iradokitzen du, Jesusekin hitz egiteko, “lagun batek besteari hitz egiten dion bezala”. Erromesaldi bat, hain zuzen ere, otoitz-hizketatxo modu honen aldaera ideala da. Jesus gure ondoan gurekin batera doala irudikatzea da. Noizean behin, Jesusekin hitz egin, lagun batek besteari hitz egiten dion bezala. Irudia ez da arinkeria bat: ebanjelioek aurkezten dizkigute Jesus eta bere lagunak, etengabeko mugimenduan, herri batetik bestera oinez doazela, beren ondare apur guztiak gainean dituztela, beroaren edo euriaren beldurrik gabe, gu geu erromesaldi honetan gabiltzan bezala. Erabil dezagun irudipen hau gure meditazioari laguntzeko. Egia esan, eguneko ordu askotan ibili beharko dugu erromes, oinez, beraz, denbora asko izango dugu otoitz egiteko!

Gogojardunak “lau astetan” daude banatuak, Ignazio Bidearen etapekin bat datozenak gutxi gorabehera. Ez dugu lotura artifizialik egin nahi Ignazio Bidearen eta Gogojardunen artean, baina ez zaigu iruditzen, bestalde, horren desegokia ere prozesu osoa lau fasetan banatzea: lehen fasea Loiolatik Logroñora; bigarrena, Logroñotik Zaragozara; hirugarrena Zaragozatik Fragara; eta laugarrena Fragatik Manresara. Euskadin zehar egingo den etaparen gogortasunak, bere gorabehera aldapatsuekin eta paisaia malkartsuekin, gure historia pertsonalean Jainkoaren nahia bilatzeko zailtasuna gogoratzen digu, geure nahikari okerretan kateatuak behin baino gehiagotan. Ebro bailarako lautadak eta bere ibai-arro berdeek, Maisuaren ondoan, etengabeko ikasbidean ibili dabilenaren poztasun horretara eramaten gaituzte.  Berriro Monegros goi-ordokirako igoerak, jarraitzearen eta alboratu ezin dugun Gurutzearen ikuspegiak markaturiko zailtasunetan sartzera gonbidatzen gaituzte. Berriro Segre ibaiak ureztatutako lur emankorretan sartzean, piztueraren presentziarekin topo egingo dugu, Maisua berriro Galilean bilatzera dei egiten digularik.

Erromesaren askatasunaren esku utziko dugu esperimentatu nahi dituen asteak hautatzea eta gida honetan iradokitzen dizkiogun, modu globalegian egia esan, jarraibideak aplikatzea. Norberak daki bere ibilbide pertsonala zein puntutan dagoen eta puntu horretatik abiatu behar du Ignazio Bidean.

Biderako Aholkuak

Alderdi praktikoak, egiaztagiriak, ziurtagiriak, garraiobideak, ostatua…

Inaziotar Bidea

Erromes-bideak, Iraganean erromes, Ignazioren Espainiako aldian, Eskerrak ematea…

Erromesaren Bulegoa

Esperientziak, Jarduerak, Agentziak, Kredentzialak, Bidea Errespetua, Elkarteak, Aholkuak Erromesentzat…