Alfaro Tutera
25,6 Kms
Bere mendi malkartsuetatik Ebro ibarreko lautadetaraino, paisaiarik ederrenetakoak ditu Nafarroako Foru Erkidegoak, Penintsula Iberikoan. Ignaziotar tradizioan Nafarroak, gainera, garrantzi handia du Xabierko Frantzisko, Loiolako Ignazioren laguna eta hau bezalaxe erromes bikainaren familiaren sorlekua delako.
Kristo ondorengo lehen mendeetan Nafarroan bizi izan ziren baskoiak beti independenteak eta arduratsuak izan ziren beren eskubideak eta ondasunak defendatzen. Erromako Inperioa desegin zenean, baskoien tribuak, arrakastaz defendatu ziren bisigodoen eraso militarretatik, beren eragin politikoa penintsula iparraldean sendotu nahi baitzuten. Ondoren, frankoak izan ziren beren independentziari eraso ziotenak, Pirinioen ipar isurialdetik. Orreagako borrokaldia entzutetsua izan zen Karlomagnoren aurka, 778 urtean, horrek zapuztu zituen Frantziako monarkia boteretsuak Pirinioen alde honetarako zituen asmoak. Beste gertakariak musulmanekin izan zituzten, hauek 714an Ebro ibarra hartu baitzuten beren mende. Alabaina, musulmanek ez zuten Nafarroan politika nahiz sozial mailan sustraitzerik lortu, Nafarroako Eriberan izan ezik. Laster sortu zen musulmanen presentziaren aurkako kristau nukleo bat, Nafarroako lehen dinastia osatu zuten Iñigotarrek gidatua.
Historiak 1521 urtera arte jarraitu zuen. Urte horretan aurkituko dugu Loiolako Iñigo Iruñeko hiriburuaren defentsan, bertan zaurituta gertatu zelarik, nafarren eta hauen aliatu frantziarren aurkako borrokan. Hemen agertzen zaigu Ignazio harro, leial eta borrokalaria, handik gutxira, Gaztelako Erregea ez zen beste Jaun boteretsuago baten mende bere bizitza jarri zuena.
Norbaitek duen aginteagatik edo bere karguan zeregin hori duelako mundua berritu nahi badu, bere buruarekin hasi behar du beti.
Erromesen Aterpetxetik abiatuko gara, Pozas kalea hartuz, Espainiako Plazara bidean, eta handik Plaza Txikira, eta Araciel y Castejón kaletik, Castejóngo Atetik irtengo gara Nafarroa Etorbidea jarraituz.
Zuzenean hurrengo herrira eramango gaituen LR-288 errepidetik urrunduko gara Alfarotik. Hurrengo herria Castejón izango dugu, dagoeneko Nafarroako Autonomia Erkidegoko lurretan. Trenbidea izango dugu bidelagun, beti gure ezkerretik. N-113 errepideko biribilgunea igaro eta Castejónen sartuko gara, zuzen San Jose kaletik.
Castejón alderik alde igaroko dugu ia lerro zuzenean, lehenbizi San Jose kaletik eta gero Sarasatetik. Dena zuzen jarraituz, herriaren amaierara iritsiko gara eta gure ezkerrera angelu zuzenean igoera bat ikusiko dugu, eta trenbidea gurutzatzen duen zubi batera doa, guk ordea ez dugu gurutzatuko, baizik eta eskuinera dagoen errepidean behera joango gara, trenbidean paraleloan.
Trenbideari jarraituko diogu, beti ezkerrera paraleloan. Kilometro bat aurrerago AP-15 autopistaren azpitik pasako gara. Gure bideak ez du galbiderik trenbidearen ondotik jarraitzen badugu. Autopistako zubitik 5,5 km-ra, gure errepidea trenbidearen gainetik igarotzen da, eta hemen erabaki beharko dugu Ignazio Bide laburrena (2 km laburrago, baina asfaltotik) ala pintoreskoena hartu (baserri-bidea Ebro ondotik). Errepideko aukera, garbia da, ez dago galbiderik: dena zuzen jarraitu Tuterara iritsi arte. Ebro ingurura eramaten gaituen bideak, Sotos de Ebro bezala ezagutzen den lekutik igarotzen denak, gurdibidetik eramango gaitu, adi ibili ez galtzeko.
Gurdibidetik Ebroren ikuspegi zoragarria izango dugu, Ignazio Bide osoan izango dugun ikuspegirik ederrena. Gure ezkerretik jarraituko dugun gurdibidea, erraz aurki daiteke trenbide gaineko zubia igaro ondoren: bihurgune itxia eginez agertzen da ezkerrera eta errepidetik eramango genukeen bidearen kontrako norabidean. Horrela, urrundu egingo gara bide horretatik, eta gurdibideak eskuinera bihurgune zabal bat eginez eramango gaitu eta Ebro ibaira hurbilduko gaitu. Bertara iritsitakoan, jarraitu egingo dugu honen beheranzko bidean, ezkerrera dugula. Bidea bikoiztu egiten da eta beste bideak agertuko zaizkigu, Ebro ibaiko urak erabiltzen dituzten soroetara doazenak. Beti ibaiaren hurbileko bidea jarraituko dugu eta honen paraleloan. Puntu jakin batean, gurdibidea bikoiztu egiten da, eta bide egokia zuzen jarraitzen duena da (gero eraikin industrial batzuetara eramango gaitu eta handik errepidera). Beste bidea, ezkerrekoa, zakarrago eta basatiagoa da: hori hartzen badugu, padura txiki batzuen ondotik igaroko gara, behin inguratuta, errepidean amaituko dugu. Gure eskuinera dauden etxe batzuen atzetik igaroko gara. Hurrengo bidegurutzean aurrera jarraituko dugu. Utzitako ukuilu batzuetara iritsiko gara, gure ezkerrera utziko ditugu. Aurrera jarraituko dugu. Hurrengo bidegurutzean ezkerrekoa hartuko dugu. Tutera ikusiko dugu urrunera. Industria-nabe batzuetara iritsiko gara, baita kilometro batzuk lehenago utzi dugun errepidera ere.
Errepidera iritsita, ezkerrera hartuko dugu. Trenbidea izango dugu eskuinean eta Ebro ibaia ezkerrean. Ezkerrera urtegi txiki bat ikusiko dugu ibaian. Puntu horretatik 300mra, ezkerrera asfaltatu gabeko bide bat har dezakegu, errepidearen paraleloan doana, asfaltoa eta autoak saihestu nahi baditugu. Bide honek Tuterako sarreraraino eramango gaitu, errepidearen ondotik.
Tuteran sartuko gara eta han izango dugu Santa Magdalena eliza erromanikoa gure zain. Portal kaletik, Katedralera, Udaletxera eta turismo bulegora hurbilduko gara. Erromesen Aterpetxea herriaren kanpo aldean dago, 1,2 km-ra, Zaragoza etorbidea eta Caridad kalea jarraituz.
ALFARO
Taxis Javier Gil . Tel: 626 310 612
Taxis La Esperanza . Tel: 678 617 029
CASTEJÓN
Taxi . Tel: 636 471 672
TUDELA
Albergue juvenil . Como mínimo, hay que llamar y reservar 1 día antes. C/ Camino Caritat, 17. Tel.: 664 636 175. [email protected]
Ayuntamiento . Tel.: 948 417 100
Hostal Remigio . Gaztambide 4 (junto a la Plaza de los Fueros. Hacen descuento a peregrinos). Tel.: 948 820 850.
Hotel AC Ciudad de Tudela*** . Calle de la Misericordia. Tel.: 948 402 440.
Hotel Ñ Tudela Momentos de Navarra*** . Mañeru, s/n. Tel.: 948 413 413.
Hotel Santamaría*** . San Marcial, 14. Tel.: 948 821 200.
Hotel Tudela Bardenas*** . Avenida de Zaragoza, 60. Tel.: 948 410 778 / 948 410 802.
CASTEJON: Trenbide sarearen lotune garrantzitsua da, herriak badu trenari eskainitako museo bat. Baita San Frantzisko Xabierren eliza berri bat ere (1944koa). Nafarroan gaudela erakusten digu, Erresuma honetan santu jesuitak arrasto sakona utzi du eta Nafarroako hainbat elizatan ikus dezakegu hori. Herri honetan jatetxeak, botikak, osasun-etxea, supermerkatuak eta banketxeak daude. Udaletxea. Tel: 948 844 002.
TUTERA: Nafarroako Erriberako hiriburua, 802 urtean musulmanek eraikia, eta Penintsulako musulman jatorriko herri nagusienetakoa da. Bisitatzea merezi du Katedralak (1168koa), erromanikotik gotikorako trantsiziokoa da bere estiloa. Meskita nagusia zegoen lekuan eraikia izan zen, eta berriztatua izan da orain gutxi. Atze aldetik igarota Azken Judizioko Ate ospetsua ikusiko dugu. Foruen Plazan (1687), XVI. mendeko udaletxea. Ebrorantz egindako paseoak, IX. mendeko jatorria duen zubira eramango gaitu. Erromesaren esku eraikin monumental eta historiko asko daude, Ebro ondoko Santa Maria Magdalenaren eliza (XII. mendekoa) esate baterako. Komenigarria da oso turismo bulegotik igarotzea (Plaza de los Fueros Tel: 948 848 058). Herri honek bizikleta tailerrak, jatetxeak, botikak, osasun-etxea, supermerkatuak, bankuak eta turismo bulegoa eskaintzen ditu.
Oharrak: Bigarren asteko meditazio hauen helburua Jesus argiago ikustea, sakonagoko maitatzea eta gertuagotik jarraitzea da. Gogoan izan behar dugu “prestatzeko otoitza” dela esperientzia osoaren azken fruitua.
Eskaria: behar ditudan hiru gauza eskatuko dizkiot Aitari, Berak bakarrik eman baitiezazkidake: Jesusen ezaguera intimoagoa, gutako bat bihurtu baita; niri didan maitasunaren esperientzia pertsonalagoa, goxotasun handiagoz maita dezadan; eta Jesusekin elkartasun estuagoa, gizateriari salbazioa eramateko misioan.
Hausnarketak: hogeita hamar urte inguru zituela, Jesusek bere lana eta familia utzi eta bere ministerio publikoa hasi zuen. Bere bizitzako une horretan zer pentsatzen zuen irudikatzen saiatuko gara.
Jesusen bizitza publikoa bidaia batekin hasi zen, erromesaldi moduko batekin. Nazareteko etxetik irten eta Jordan ibaira joan zen erromes, eta Joan Bataiatzaileak bataiatu zuen han. Joanen ministerioa bekatariei damu zitezela aldarrikatzea izan zen. Joan ezaguna eta errespetatua zen: Jesusek bere mezua ezagutuko zuen, herri judutarrari igorritako Jaunaren profeta zenez. Jesusek bazekien zer egiten ari zen. Ikus dezagun zer esan nahi duen Jesusek, bekaturik gabeko gizonak, bekatariekin ilaran jarrita hasi izana bere ministerioa. Ebanjelioetako lehenengo bertso-lerroetan ageri den ekintza honen sinbolismoak barne erromesaldiaren irudiak ekartzen dizkigu gogora, bizimodu berri baten hasiera da. Joan Bataiatzailearen ministerioa Isaiasen hitz batzuekin aurkeztu zen: “Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bideskak hari”. Joanek damutzeko eta “bihotzberritzeko” hots egin zien bekatariei: Joanek bira eman eta beste norabide bat hartzera gonbidatzen gaitu, bizitzan beste bide bat hartzera. Jesusek, uneren batean, ohartuta eta nahita aukeratu zuen beste bidea bere ministerioa hasteko, Nazareten zeraman bizitza mundutiarra aldatzeko: irudika dezagun bere burutik zer pasatzen ote zen, bere inguruan zer ikusten ote zuen une egokia huraxe zela sentitzeko. Pentsa dezagun bere ministerioa nola hastea erabaki zuen ere, ez zen hitzaldiak ematen edo mirariak egiten hasi, baizik eta erromes joan zen Joanek bataia zezan. Eta gogoan izan dezagun Jesusek Jordanen izandako esperientzia, aurkitu zuena, Aitak misio bat egitera gonbidatu zuela ulertu zuen.
Aitari eska geniezaioke bere Seme Jesusekin batera jar gaitzala Joan Bataiatzailearen ilaran. Irudika dezagun bere kideetako bat garela eta justu Bere atzean gaudela, guk bera hobeto ezagutzea nahi baitu, gehiago maitatzea eta bera eta gizateria zerbitzatzean leialagoak izatea. Saia gaitezen ebanjelioko eszena hori ikusten. Zer esaten digu Joanek?
Testuak:
Erromatarrei 6:3-4. Aitaren ahalmenaz Kristo hilen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria biziko dugu.
Lukas 3:1-22. “Zer egin behar dugu bada?” Joanek bataiatzeko unean Jaunaren ahotsak egiaztatu zuen bere semea zela eta zer zeregin zuen.
Mateo 3:13-17. Jesusek bere bihotzean gogoeta egin zuen Jainkoaren Aitatasunaz eta Berak emandako zereginaz eta Nazaret uztea erabaki zuen. Eszenari begiratuko diogu. Bere ondoan egoten saiatuko gara eta erabaki hori nola hartu zuen ikusiko dugu: amari esan zion, agurtu eta gizaki heldu eta arduratsu bihurtu zuen oro utzi zuen. Jordan ibaira berarekin joango gara oinez eta ibai ertzean geratuko gara bere bataioari begira. Zer entzuten dugu? Zer ulertu behar dugu?
Amaierako elkarrizketa: meditatutakoaren laburpen bat egin otoitzeko tartean, Jesusekin adiskide batekin bezala hitz eginda. Egindako bide zati honetan aurkitutako puntuez bihotza ireki berari. Amaitzeko, Aita Gurea esan.
Ignazio zaldun ausart eta saiatuak ez zuen mugarik ikusten: santuren bat nabarmendu bazen gure Jaunari eskainitako penitentziagatik edo zerbitzuagatik, berak hura berdindu eta gainditu ere egin behar zuen. Asko barkatu zaion eta asko emateko prest dagoenaren barne esperientzia dugu hemen. Jainkoaren errukiaz benetan salbatua izan denaren barne kontzientziari dagokion ahaleginaren indarra da.
«Eta idaztea merezi duen zerbait gertatu zitzaion bide honetan, gure Jauna arima honekin nola aritu zen uler dadin, artean itsu zegoena, berak ezagutzen zuen guztian hura zerbitzatzeko gogo biziz zegoen arren, ez baitzuen jada beste begirik bere bekatuak asetzeko, Jainkoa poztu eta atsegintzea baizik. Eta horrela, Santuek egindako penitentziaren bat egitea bururatzen zitzaionean, haiek egindako bera edo are handiagoa egitea erabakitzen zuen. Eta pentsamendu hauetan zuen bere poztasun osoa, bere barneko beste ezeri begiratu gabe, ez apaltasuna, ez karitatea, ez pazientzia, ezta bertute hauek arautzeko eta neurtzeko zuhurtzia ere zer ziren jakin gabe, baizik kanpoko ekintza handi hauek egitea zen bere asmo bakarra, Santuek hala egin zituztelako Jainkoaren maitasunagatik, bere bekatuak barkatuak izan ziren ala ez arduratu gabe, egiten hasten zen penitentzietan ez baitzen horiez askorik gogoratzen».
J.M. Rambla, sj-ak, bere “Erromesa” liburuan dioen bezala, Ignazioren sinfoniako nota giltzarria da “GEHIAGO” hori. Maitasunak beti eramaten gaitu, gehiegizko eta neurririk gabeko dinamismo batera. Maitasuna ez da bidezkoa eta zuzena denaren oreka hotzaz konformatzen. Maitasunak beti “gehiago” bilatzen du, “gehiago” entregatzea, “gehiago” izatea, “gehiago” haztea. Ignazioren “Ad Majorem Dei Gloriam” goiburu ezagunak ongi adierazten du maitasun konprometituak bere berea duen areagotzeko dinamismo hau. Hala eta guztiz, Ignaziok, aitortzen du hemen, bere bizitzako une hartan zuhurtzia-falta izan zuela, gogo biziz esperimentatzen zituen “bertuteak arautzeko eta neurtzeko”. Zuhurtzia hori san Paulok bertute gisa azpimarratzen du, bizitzako edozein unetan, “horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina” (Erromatarrei 12,2). Bere burua aztertuz eta Jainkoaren presentzia ezagutuz, zuhurtziaz jokatzen ikasiko du Ignaziok, eta hala adieraziko die bere lagun jesuitei ere, “Jainkoaren aintza handiena” beteko bada, “Jainkoaren maitasun” dosi handiz eta “Jainkoaren zerbitzuan emandako” ekintza erabakigarriz gertatuko da. San Irineok askoz lehenago esandakoa berretsi zuen Ignaziok: “gizakia bizitzea da Jainkoaren aintza” eta horretan emango zuen gero Ignaziok bere bizia.
Bizikletaz egiteko erraza
Alfaro: 0 km.
Castejón: 5,7 km.
Trenbideko bidegurutzea: 12,3 km.
Tutera: 25,6 km.
Leave a Reply