Gallur Alagón
21,7 Kms
Aragoi
Aragoiko lur eder hauetan barrena sartuko gara, Ebro ibaiak bustiak eta bidaia-historia luzeko lurrak: ibaiaren ur emari honek Mediterraneo itsasoarekin lotuko ditu, berau izan baita milaka urteetako kulturen komunikazio bidea. Penintsulako lurretan arkitekturan eta herri tradizioetan agertzen zaigu Afrika iparraldeko kultura eta Islamaren zigilua. Erromesak berak egiaztatu ahal izango du hiri hauek igarotzean.
Zaragozan, Santiago apostolua Espainiara etorri omen zeneko antzinako espainiar tradizioari loturiko kristau sutraiak agertzen zaizkigu. Pilareko Amabirjina, bere santutegian, izango da San Ignazioren Bidea jarraitzen dutenen urratsak zainduko dituena, Santiago Handiari Penintsulan egin zuen ebanjelizatze lanean lagundu zion bezalaxe. Zaragozako hiriburuak, arreta berezia merezi du, eta bidezkoa da egonaldi luze bat antolatzea, eta gehiago oraindik, Ebroren lur emankorretatik Monegroseko “basamortuaren” gogortasunera igaro beharko dugula jakinik.
“Ziertzoak”, Ebro ibarreko haize bereziak, erromatarren inperio garaian ere aipatzen zena, orduko 100 km pasako indarrez ere jo dezake neguan eta udaberrian. Nekazariek hesiak jasotzen dituzte beren labore lanak haizearen erasoetatik babesteko.
Monegros bailarak, Bujaraloz inguruko eskualdeak, Espainia hegoaldeko edo Afrika iparraldeko basamortu eremuak gogoratzen dizkigu. Ipuruak, hosto eta enbor iluneko zuhaixkak eman zion izena bailara honi (“Montes negros”), Cinca ibaiaren ertzetaraino iristen delarik. Gaur egungo ureztatzeko kanal modernoek, landu daitezkeen nekazaritza lur bilakatu ditu eskualde honetako lurralde zabalak, baina, nagusiki, eskualde hau oso lehorra eta beroa da uda garaian. Erromesak, babestu edo horni daitekeen aterpe edo denda gutxi aurkituko ditu.
Garbi esanda, oso lurralde gogorra da bidaiariarentzat, etapa luzeak direlako, bero egiten duelako eta deshidratatzeko arriskua dagoelako. Erromes zuhurrak ez ditu arinegi hartu behar baldintza gogor hauek. Behar beste ur hartu behar da, ez ibili eguneko bero handieneko orduetan. Zure erromesaldia udan egiten baduzu, aintzat hartu ez ote den hobe Zaragozatik edo Pina de Ebrotik Fragarako autobusa (Intermodal autobusen geltokia, Tel: 902 490 690) hartzea. Baina erromesaldiaren esperientzia osoa betetzea bada zure asmoa, ez zenuke Ignazioren Bidearen zati hau egin gabe utzi beharko!
Egoera zenbat eta etsiagoa, orduan eta gehiago espero behar dugu Jainkoarengandik. Gizakiaren laguntzak porrot egiten duenean, Jainkoa gertu egoten da.
Pignatelli parketik hasiko dugu gure bidaia, kanalaren ondotik. Hortik Camino Real kalea hartuko dugu, San Ignaziok bere garaian egin zuen antzinako Errege-bidearen omenez; egun, VP-24 errepidea da, zabalagoa eta asfaltatua.
Lerro zuzena utzi gabe, Lucenira iritsiko gara, Boquienira doan errepideko biribilgunearekin topo egin ondoren.
Ramon y Cajal kaletik sartuko gara, herri osoa igaroko dugu kale horri jarraituz. Une batean, herriko plaza, ezkerrera utziko dugu esertokiekin eta platanondoekin. Guk zuzen jarraituko dugu. Herriaren irteeran, bidegurutze bat agertuko zaigu Pedrolara doan bidearekin. Seguru asko hemen erabaki zuen San Ignazioren mandoak Errege Bidetik jarraitzea Ignaziorekin eztabaida izan zuen musulmanari jarraitu ordez. Daoiz y Velarde kalean gaude, 37. zenbakian. Guk bidea aurrera zuzen jarraituko dugu, Autobiografiari jarraituaz.Kilometro batzuen buruan, Ebro ibaia hurbilduko zaigu bere meandro batean. Horrek adieraziko digu Alcala de Ebro herritik gertu gaudela. Ezkerrera biratuko gara Udaletxera eta Cervantes kalera joateko, hor hasten da Cabañas de Ebrorako bidea.
Herri honetan merezi du elizari eta Sancho Panzaren monumentuari bisitatxo bat egitea, irudi ospetsua baita hemen, El Quijoten aipatzen den Insula de Baratarian baikaude. Berez ez da uharte bat, baina Ebro ibaiaren uraldietan isolatuta gelditu ohi zen. Elizaren atzean dago estatua. Cervantes kaletik irtengo gara eta herritik irten eta 500m ingurura, bikoiztu egingo da gure bidea. Ezkerrekoa hartuko dugu, Cabañas bidea, beste kilometro bat igaro orduko pista bilakatuko dena, eta Ebro ibaira hurbilduko zaigu pixkanaka berriro.
Zuzen jarraituko dugu, Ebro ezkerrera dugula kilometro bat inguru, Cabañas de Ebrora iritsi arte. Ezkerretik sartuko gara elizara arte. Herria alderik alde igaro eta Kale Nagusitik irtengo gara. CV-411 errepidea hartuko dugu, beste 1,5 km inguru egindakoan CV-911 errepidera iritsiko gara, hor ezkerrera hartuko dugu. Errepide honetan trafiko handia ibiltzen da eta kontuz ibili behar da. Kilometro eta erdi inguru egindakoan, autopista ikusiko dugu hurbiltzen, eskuinera tunel bat dugu AP-68 autopista azpitik igarotzeko. Hori hartu eta berehala trenbidea igaroko dugu beste tunel batetik. Bideak zuzen Alagonera eramango gaitu. Errepidea gurutzatzen badugu eta zuzen jarraitu, Portalada Etorbideak herriko zentrora eramango gaitu.
ALAGÓN
Ayuntamiento Tel.: 976 610 300.
Hostal Baraka . , San Pedro, 13. Tel.: 976 616 011
Hotel Los Ángeles . , Plaza Alhóndiga, 4. Tel.: 976 611 340.
Pensión Jarea . Méndez Núñez 45, Tel.: 629 489 776
Pensión Mª Carmen, . Portillo 3 2ª Derecha, Tel.: 670 762 554
CABAÑAS DE EBRO
Ayuntamiento . Tel.: 976 611 086.
Casa Rural Guadalupe . (capacidad 24 personas) Callizo de la Jota, 3. Tel.: 637 524 363.
Hostal Cubero . Av. Alagón 23, Tel: 976 611 720
GALLUR
Taxi Zueco . Tel: 976 857 318
LUCENI
Ayuntamiento . Tel.: 976 652 003.
Hotel La Imperial** . Ctra. Logroño, km 37. Tel.: 976 652 111.
Pensión Alejandro . , Calle del Horno 1, Tel.: 679 441 838
LUCENI: Seguru asko, 1.000 biztanle inguru dituen herri honen izena, erromatarren (Lucius) presentziari eta Penintsula iparraldea Mediterraneorekin lotzen zuen garraio bideari loturik dago. Herriko lehen biztanleen kokalekuaren indusketa arkeologikoetan Antonio Pio enperadorearen (II. mendea K.O.) txanponak eta medailak aurkitu dira, eta baita Wamba eta Witiza errege bisigodoen (VII. eta VIII. mendekoak) txanponak ere. Kandelarioko Andre Mariari eskainia dago eliza, XIII. mendekoa.
Beharbada herri honen irteeran egongo da Ignaziok bere Autobiografian kontatzen duen pasartea, Ignaziok eztabaida izandako musulmana hil ala ez erabakitzeko auzia alegia. Jainkoak nahi izan zuen Ignaziok Biziaren aldeko aukera egitea. Lucenin bizikleta tailerrak, jatetxeak, botikak, osasun-etxea, supermerkatuak eta banketxeak daude. Zoritxarrez azken urteetan Luceniko iturrietako ura ezin da edan, inguruko nekazaritza etxeetako produktu kutsagarrien ondorioz.
ALCALA DE EBRO: Gaztelu baten hondakinek ematen digute herriaren izenaren jatorriaren berri, arabiar hizkeran, Al-calat, Gaztelua baita. Hirutasun Santuaren eliza barroko zoragarrian (XVII. mendekoa), San Frantzisko Borja, Jesusen Lagundiko 3. Jeneralari eskainitako koadro bat dago. Bi argazki ditugu derrigorrezkoak: bata Ebro ibaiarekin eta bestea “Sancho Panza” estatuarekin, elizaren atzeko kalean. Herriak 300 biztanle ditu, eta jatetxea, botika, osasun-etxea, supermerkatua eta bankua eskaintzen ditu.
CABAÑAS DE EBRO: 500 biztanle inguruko herrixka.
ALAGON: Jalon ibaia Ebrorekin elkartzen den tokian dago herria, Alaun iberiar herrian du bere jatorria, ekialdeenean dagoen baskoien herria dugu, txanponak egin baitziren iberiar alfabetoko inskripzioekin. Islamak bereganatu zuen 714 urtean. Musulman garai honetatik, obra mudejar bikaina gordetzen du San Pedro Apostoluaren elizan. Eliza osoa dago antzinako meskitaren kokalekuan eraikia. Ikusteak merezi du eta baita bere erretaula nagusiak ere (XVI. mendekoa). Herriko alde zaharrean, Jesusen Lagundiaren antzinako ikastetxe bat dago, San Antonio Paduakoaren elizaren ondoan. Herrian, jatetxeak, botikak, osasun-etxea, supermerkatuak eta banketxeak daude. Turismo bulegoarekin harremanetan jartzeko helbidea, Tel: 976 611 814.
Oharrak: Jesusekin oinez jarraitzen dugu, argiago ikus dezagun, sakonago maitatu ea gertuagotik jarraitu. Ez dezagun ahaztu “prestatzeko otoitza” otoitz egiten hasi aurretik eta egunean zehar. Gaurtik aurrera, amaierako elkarrizketa gero eta garrantzitsuagoa izango da: Jesusen barneko ezagutza horretan sartzen ari gara eta horrek eman dio indarra gure bizitzako konpromisoari. Hau eztabaidatuko dugu gure “adiskidearekin” otoitzeko azken elkarrizketan eta egunean zehar.
Eskaria: behar ditudan hiru gauza eskatuko dizkiot Aitari, Berak bakarrik eman baitiezazkidake: Jesusen ezaguera intimoagoa, gutako bat bihurtu baita; niri didan maitasunaren esperientzia pertsonalagoa, goxotasun handiagoz maita dezadan; eta Jesusekin elkartasun estuagoa, gizateriari salbazioa eramateko misioan.
Hausnarketak: Jesusek jendea sendatzen zuenez, irudi hori izan daiteke Jesusen bizitza publikoko irudirik nabarmenena. Jesusen sendatze misterioa salbazio misterioa ere bada. Jesusek gorputzak, espirituak eta Jainkoarekin eta besteekin etendako harremanak sendatzen ditu barkamenaren bidez. Jesusek jaiki eta ibili esan zion elbarriari, itsuari lokatzaz egin zizkion begiak. Bere kezka ez da ihartutako adarra edo ez dabilen organoa berreskuratzera mugatzen. Berak badaki sendatzen duena bekatuaren bidetik aldendu eta Berarengan sinesten hasi daitekeela. Badakigu errukiorra zela, antzinako gizarteko paria eta ukiezinekin harremanetan jartzeko gai zela. Erabili dezagun Ignaziok erabiltzen zuen kontenplazioko praktika, hau da, Jesusen ministerio honen eszena bat edo gehiago irudikatuko ditugu eta geure burua ere eszena horretan irudikatuko dugu, beharbada Jesusen bidaiako kideak izango gara edo beharbada nigana ekarriko dute Jesus – zer egin nahi dit Jesusek sendatzeko? Gure erromesaldiko misterio hauetan sartzean, gorputza, burua eta espiritua sendatzeko beharrarekin aurkeztuko gara Jesusen aurrean. Jarraitu egun horretako grazia eskatzen.
Testuak:
Lukas 18: 35-43. “Jesus, Dabiden semea, erruki zakizkit!”
Joan 5:1-9. Jesusek gaixo dagoen gizonari egin zion galdera niri ere egiten dit kontenplazioan: “Nahi duzu sendatu?.” Jaunari erakusten diot sendatzeko beharra dudala: nire txikitasuna, harrotasuna, nahikeria, nire segurtasun eta kontrol beharra, neure burua nola engainatzen dudan. “Bai, Jauna, sendatu nahi dut.”
Lukas 8:40-56. Jesusi nire etxera etortzeko eskatzen diot. Bere soinekoaren ertza ukitzeko ahalegina egin dut.
Amaierako elkarrizketa: meditatutakoaren laburpen bat egin otoitzeko tartean, Jesusekin adiskide batekin bezala hitz eginda. Egindako bide zati honetan aurkitutako puntuez bihotza ireki berari. Hala sentituz gero, bere ikurrinaren pean hartzeko eskatuko diogu Jesusi eta bera bezala sendatzaile bihurtu. Amaitzeko, Aita Gurea esan.
Ignaziok bere erromesaldiko etapa honetan, “oso zalduna” artean, bere bizitzaren norabidea alda zezakeen topaldi berezi bat izan zuen. Jainkoa adi izan zuen, Ignaziori zuhur jokatzen eta bere bulkadak kontrolatzen laguntzeko, baita “kausa on” bat izanda ere:
«15. Bere bidean zihoala moro batek harrapatu zuen atzetik, mando baten gainean bera; biak hizketan zihoazela, gure Andre Mariaz hasi ziren hizketan; eta moroak esaten zuen eta Amabirjinak gizonik ezagutu gabe haurdun jartzea onartu arren; haurra izan eta birjin gelditzea ezin zuela sinetsi, bere ustez horretarako zeuden arrazoi naturalak emanez. Iritzi horretan, erromesak arrazoi asko eman bazizkion ere, moroak ez zuen amore eman. Eta horrela, moroa halako presaz aurreratu zenez, begi-bistatik galdu zuen erromesak, eta moroarekin gertatu zenaz pentsatzen gelditu zen. Eta horretan, bihotz-mugida batzuek etorri zitzaizkion, ariman atsekabea eraginez, behar bezala jokatu ez zuelako, eta moroaren aurkako haserrea ere eragiten zioten, gaizki egin zuela iruditzen baitzitzaion moro bati bere Andre Mariari buruz horrelako gauzak esaten uztea, eta derrigortua zegoen itzultzera haren ohorea garbitzeko. Eta hala, moroaren bila ateratzeko gogoa pizten zitzaion eta esan zuenagatik labankadaz josi; eta nahi hauen borrokan asko iraun zuen, eta zalantzan gelditu zen azkenean, zer egin behar zuen jakin ezinik. Aurreratu zitzaion moroak esan zion, bere bidean pixka bat aurreratuta zegoen leku batera zihoala, Errege-bidetik oso gertu, Errege-bide hau hortik igarotzen ez bazen ere.
16. Eta horrela, egokiena zer ote zen aztertzen nekatu ondoren, irtenbide garbirik aurkitu ez zuenez, erabaki hau hartu zuen, scilicet, mandemeari bere kabuz joaten utziko zion bidegurutzera arte; eta herrirako bidea hartzen bazuen, moroa bilatuko zuen eta labankadaz josiko zuen; eta mandemeak herrirako bidea ez, baizik Errege-bidea hartzen bazuen, bertan behera utziko zuen. Eta hala eginda, gure Jaunak nahi izan zuen, hogeita hamar edo berrogei urratsera bazegoen ere herritxo hori, eta harako bidea oso zabala eta ona izan arren, mandemeak nahiago izan zuen Errege-bidea hartzea, herrirako bidearen ordez».
Jose Luis Martin Vigilek gertakari honen inguruan egiten duen interpretazioa jasoko dugu hemen, Loiolako Ignaziok bere Bidearen etapa honetan zituen sentimenduen oso adierazle hona baita:
«Gertatu zen, ni [Ignazio] neurean nindoala, moro bat iritsi zen nire parera berriketarako gogo handia zuena, eta ez nuen gaizki hartu, atsegina izatea gizalegez jokatzea baita. Hitz egin genuen bada, ni al dakit zertaz, harik eta nire bidaiaren zergatiaz galdetzean, adierazi nion nola nindoan Santutegira bidean, izan ere, Lurralde Santuetarako nire asmoa ez zuela ulertuko uste izan bainuen. Eta era horretan, Amabirjinaz hizketan hasi ginen, luze arituz horretan, ni, bihurtu berriak ohi duen suhartasunez. Moroak adeitsu entzuten zidan eta errespetuzko eta arrazoizko ere azaldu zen, Andre Mariaren Birjintasuna ez baitzuen zalantzan jartzen erditu aurretik, eta asko esatea da hori moro batentzat; baina ez zitzaion buruan sartzen, erditu ondoren birjina izaten jarrai zezakeenik, eta nik arrazoiak eman arren ez zituen berak onartzen, eta ez ginen ados jarrai gauza horretan. Asko hitz egin genuen alfer alferrik, eta azkenean bera aurreratu egin zen, Pedrola, morisko herrira, zihoala esanez, handik legoa gutxitara baitzegoen herri horretarako bidegurutzea. Pentsakor gelditu nintzen eta goibelduta, uste bainuen moroarekin ez nuela zuzen jokatu, eta Amabirjinari buruz hitz egiten behar baino gehiago utzi niola, eta hura irainduz. Ongi jokatu ote nuen nik, horretan utzi nionean? Bizi izan nintzen garaiaren arabera epaituko naute. Martin Lucero, ezpata-gizona ez, baizik teologo aditua izan zenak, oker egon arren, esango zuen hogei urte geroago, zilegi zela judutar bati sastakaia sartzea, biraoka entzuten bazitzaion, eta aitortzen zuen, berak ere “gogo onez emango liokeela halakoari masaileko bat eta bere ezpataz zulatu ere, ahal balu, izan ere, lapur bat hiltzea zilegi bada, askoz gehiago baita biraolari bat hiltzea”, eta bi mende lehenago, santu izan zen Frantziako Errege batek bere zaldunei esaten zien: “Legoek kristau fedearen aurka biraoka entzuten dutenean, ez dute hitzez defendatu behar, ezpataz baizik, fedegabeari sabelean sartuz, sar liteken guztia. Harritu behar ote gaitu erromesak hiltzeko pentsamenduak izatea bere barnean, bere Damaren ohorea jokoan zegoenean? Moroaren bila joan eta sastakaiz zulatzeko gogo bizia etorri zitzaidan, dena den ez nuen argi, zer zen egin behar nuena. Eta hala, nire zela-aberearen uhala askatzea erabaki nuen, bide gurutzera iritsitakoan, bere kabuz Pedrolarantz hartzen bazuen, nik moroa bilatuko nuen hiltzeko; baina Errege-bidetik jarraitzen bazuen, bere horretan utziko nuen, nik bakea berreskuratuz. Horrela gertatu zen, moroak ez zuela inoiz jakin, arratsalde hartan, hiltzetik zeinen gertu egon zen, izan ere, Jainkoak nahi izan baitzuen bizirik gerta zedila, haren Ama, gure Andre Mariak erditze ondoren birjina izaten jarraitu zuela ukatu arren».
(cf. Jose Luis Martin Vigil, Yo, Ignacio de Loyola, 64. or.).
Jainkoak salbatu zuen bidaiari musulman hura eta salbatu zuen Loiolako Ignazio ere, ondorio latzak izan zitzakeelako ekintza hura egin izan balu. Jainkoa presente dago gure historian eta hamaika modutara agertzen da. Jainkoaren Eskua ikus dezakegu gauzarik xumeenetan zein gertakari apalenetan, mandemeari zein bide hartu erabakitzen uztea bezala. Gure ekintzak Jainkoari irekitako gure bihotzaren argira bereizmenez bizitzeak, “bizi eragile” bihurtzen gaitu eta ez heriotza eragile.
Bizikletaz egiteko erraza
CV-911 errepidearen zati batean trafiko asko dabilen arren; zati horretan kontuz ibili behar da.
Gallur: Km 0.
Luceni: Km 8,2.
Alcalá de Ebro: Km 12,5.
Cabañas de Ebro: Km 16,5.
Alagón: Km 21,7.
Leave a Reply