Verdú Cervera
17 Kms
Ez hartu inolako erabakirik dela maitasunagatik dela abailduragatik burua desbideratuta badago. Estutasuna igaro arte ez erabaki ezer, bihozkadak agindutakoaren ordez arrazoiak agintzen duena egin ahal izateko.
Herri maitagarri honetatik, Verduko Santa Maria elizatik abiatuz irtengo dugu. Font kalea hartuko dugu herritik irteteko, eta geure aurrean hasten den bide batekin topo egingo dugu, etxe batzuen ondotik behera doa, landa-lurretan dagoeneko. Asfaltatu gabeko bidean sartuko gara, “Verdutik Tarregarako bidea” deitzen da, herri hau baita izan ere gure hurrengo helmuga.
Gure bidea han eta hemen sortzen zaizkigun aukerak baino zabalagoa eta ongi berezia dago. Ez dugu bide-gurutzerik hartu behar, geure asfaltatu gabeko bide onean mantenduko gara. Tarregara helduko gara, gure mendi-bideari jarraituz sartuko gara herrian, Gurdia Zibilaren kaletik. Ezkerrera hartuko dugu eta kale bera jarraituko dugu, beti zuzen, Ondara ibaira iritsi arte. Pasabide batetik gurutzatuko dugu, eta zuzen jarraituko dugu Sant Agusti kaletik. Sant Antoni plazara iritsiko gara eta Kale Nagusia hartuko dugu gure eskuinera, Plaza Nagusira iristeko, eta han Santa Maria del Alba eliza aurkituko dugu.
Elizaren aurrealdea aurrez aurre begiratuz, eskuinera hartuko dugu Agoders kaletik. Zuzen jarraituko dugu Mossen Jacint Verdaguer kaletik Generalitat Etorbidera aldatzen dena. Etorbidean aurrera egingo dugu zuzen, eta herritik irtengo gara Tarregatik Taradellerako bidetik.
El Pedregal ermitaren ondotik igaroko gara, ezkerrera izango duguna. Gure bidean zuzen jarraitu eta Taradellen sartuko gara. Beti zuzen jarraituz herria alderik alde igaroko dugu eta herri irteeran zuzen jarraitzen duen bidea hartuko dugu, ezkerrera doazen beste bideak utzita.
“Cami Ral” deituriko bidean goaz, behar bada Ignaziok Montserratera bidean hartu zuen benetako “Bide Nagusitik”. Hilerriaren aurretik pasako gara, ezkerrera duguna. Gure bidean zuzen jarraituko dugu aurrera, uneren batean gure bidea bat-batean eskuinera biratzen bazaigu ere: guk beti zuzen aurrera. Herrixka txiki batera hurbiltzen ari gara, Fonolleres du izena, eta toki garai batean dago. Ez gara herri horretan sartuko eta aurrera egingo dugu, herria gure ezkerrera dugula.
Beti norabide berean jarraituko dugu. Aurrerago, Fonollerestik 900 m-ra, eskuinera, Saportella “dorre-etxea” ikusiko dugu, pixka bat hondatuta. Zuzen jarraituko dugu aurrera bide zabal eta ongi seinalatutakotik. Beste bide batzuk gurutzatuko zaizkigu, baina guk gure bideari jarraituko diogu.
Bidea Santa Magdalena ermitaren hondakinen ondoan amaitzen da. Bide asfaltatua hartuko dugu, ezkerrera, Cerverara joateko. Errepidea jarraituko dugu 700 m inguruan, eta errepide inguruan agertzen diren lehenbiziko etxeetan, eskuinean, Sant Magi ermita ikusiko dugu. Eskuinera biratuko dugu angelu zuzen bat osatuz, kale horretatik Cerverara sartzeko.
Castell kalean sartuko gara, eta gaztelu zaharraren hondakinetara eramango gaitu. Ezkerrera biratuz, beste kale batek herriaren alde zaharrera eramango gaitu. Santa Maria elizara iritsiko gara.
CERVERA
Ayuntamiento . Tel: 973 530 002.
Colegio Residencia – Albergue de peregrinos Sagrada Familia . c/ Sabaters 6 (entrada junto a c/ Mayor, 51). Tel: 973 530 805.
Hostal Bona Teca . Avinguda Mil·lenari de Catalunya, 49, 25200 Cervera Tel: 973 53 19 16
Hostal Bonavista Cervera*** . Av. Catalunya, 14. Tel: 973 530 027
Hostal la Savina . Camí dels Horts 2, Tel:973 531 393
Hostal Universitat. Plaça Universitat, 21. Tel: 973.107.394 / 661.786.477 / 661.786.483
Taxi Miquel. 606.463.308
TÀRREGA
Ayuntamiento . Tel: 973 311 608.
Hotel Ciutat de Tàrrega*** . C/ Sant Pelegrí, 95. Tel: 973 314 737
Hotel Pintor Marsà . Av. Catalunya, 112. Tel: 973 501 516.
VERDÚ
Taxi Jaime Font (Tàrrega) . Tel: 973 311 567
Beste etapa labur bat, baina Cervera herriak duen garrantziak eta bertan aurkituko dugun ostatu aukerak baimentzen du gure geldialdia.
TARREGA: 16.000 biztanle pasako herria da eta Urgellgo hiriburua. Ospetsua da bere Kale Antzerkiaren azokagatik, irailean ospatzen da eta milaka artista biltzen dira bertan beren artea eskaintzera. Jatetxeak, supermerkatuak, botikak, osasun-etxea, bankuak, bizikletak konpontzeko tailerrak eta informazio bulegoa (Agoders kalea, 16. Tel: 973 500 707) eskaintzen ditu.
CERVERA: 9.000 biztanle pasa ditu, XVIII. mendean bizi izandako distira aldiaren arrastoak gordetzen digu bere eraikuntza eta harresietan (askoz zaharragoak eta 1368an berriztatuak). San Antonio eliza erdi-arokoa da eta San Bernat elizan ezkondu ziren Isabel eta Fernando Errege Katolikoak. Plaza Nagusi harrigarria du, Paeriako eraikinak (XVII eta XVIII. mendekoak) eta Santa Maria elizarekin. Arrazoi politikoengatik, herri honetan zegoen XVIII. mendean, Kataluniako unibertsitate bakarra. Jatetxeak, supermerkatuak, botikak, osasun-etxea, bankuak, bizikleta-tailerrak eta informazio bulegoa (Tel: 973 534 442 / 973 530 025) eskaintzen ditu.
Oharrak: nahiz eta gaur Jesusen tentaldiei buruz hausnartu, umore onez jarraitzen dugu, Jainkoaren Bizia osotasunean kontenplatzen jarraitzen baitugu: Jainko maitasunean betiereko askatasunerako eta zorionerako bidean geratuko gaituen ezer ez dago. Ez dezagun ahaztu “sarrerako otoitza” kontenplazioan sartu aurretik eta egunean zehar. Eta bizi dezagun Kristo Berpiztuaren poza! Ongi etorri argia, loreak, ura eta adiskideak!
Eskaria: Jainkoari eskatuko diot Kristo Berpiztuarekin poztu nadila, orain mundura igorri bainua bere zereginarekin jarraitzera. Gaizkiaren iruzurrak ezagutzeko gai izan nadila eta horietatik babes nadila, Jesusek egin zuen bezala, Jainkoaren maitasunean erabateko konfiantza izanda.
Hausnarketak: Atzo Galileara itzultzeko esan ziguten, gure “bizimodu normalera”, antzinako ohituretara. Zeregin bat dugu: Erreinuaren alde lana egitea. Gaur Jesusen zereginaren hasiera izango dugu kontuan eta lanean hasterako egin behar izan zuen bereizketa. Meditazio honen xedea da Jesusen eta Gaizkiaren estrategiei buruz intuizio batzuk hartzea berriro, gure eguneroko eta munduko bizitzan Erreinuaren alde lana egitera deituta gaudela jakinda.
Nola erabiliko ditugu gure boterezko harremanak, gure dohainak, talentuak eta baliabideak? Hau da Jesusek basamortuko tentazioen episodioan izan zuen funtsezko gaia. Esaten da Gaizkiak munduko erreinu guztiak erakutsi zizkiola Jesusi eta esan zion: “Hori guztia emango dizut, ahuspezturik gurtzen banauzu.” Eta Jesusek erantzun: “Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.” Basamortuko krisi hori denok etengabe aurre egin beharreko krisia da. Adoratzeko, gurtzeko, botererako edo erosotasunerako ditugun nahiei eusterik badugu? Gure botereak geure buruak eraikitzeko erabiltzen ditugu edo gure bizia oinordetzan hartu dugun gizarteari eta munduari ekarpenak egiteko eraikitzen dugu? Ekar ditzagun gogora mintzen gaituzten tentazioak. Egiaz lotsagarriak izan daitezke, baina kontuan izan behar dugu Jesusek ere, erabat gizakia izanda, tentazio horietakoren bat jasan zezakeela. Jesusek tentazioari eman zion irtenbidea izan zen Jainkoarengan erabateko konfiantza izatea; guk gure tentazioak Jesusi eman diezazkiokegu gaur eta Jainkoagan dugun erabateko konfiantza aitortu. Otoitz egin dezagun Jesusengandik gertu egon eta Berak nahi duena aukeratu nahi dezagun.
Esan dugun bezala, Jesusek ez ditu “gizon-emakume perfektuak” aukeratzen bere ikasle izateko. Berak oso ongi ezagutzen gaitu. Kontuan izanda Jesusek zer motako pertsonak aukeratu zituen, Ignaziok pentsatzera gonbidatzen gaitu: hasteko, bizimodu gogor eta umila zeramatenak zirela eta, ondoren, horrela deitzen zitzaienen duintasuna. Hori da gure misterioa: oso behetik gatoz, baina zerbitzu altua eskatzen zaigu. Hori normala da!
Atzo zereginari jarraitzeko gonbita igorri zigun Jesusek eta Ignaziok hausnarketa bat planteatzen du gonbit horri emateko hiru erantzun motari buruz. Batetik, Jesusen ondoan egiaz espiritualki libre erromes ibiltzeak esan nahi duenaz pentsatzeko erronka planteatzen digu Ignaziok. Egiazko askatasunaz ari gara, Jainkoaren ekintza mundura daraman askatasunaz. Denok sentitzen ditugu Jainkoa eta mundua zerbitzatzeko gure bidean jar daitezkeen erakarpenak; dirua maita dezakegu, sexua, boterea, gure irudia, ongi jantzita ibiltzea, goraipatua izatea, auto handiak edo beste gauzaren batzuk izatea. Pertsona batzuek asmo onak izaten dituzte, baina inoiz ez dute ezer egiten estilo hori aldatzeko, hiltzen diren aurreko egunera arte. Beste batzuek badakite badela gaizki dagoen zerbait, baina aitzakiak eta arrazionalizazioak bilatzen jarraitzen dute ez aldatzeko eta Jainkoak berak uler dezan. Beste batzuk askeak dira: ongi asetako aberatsak izan daitezke, hori bada Jainkoaren nahia eta Jainkoaren zerbitzu handiagorako bada, baina pobre izanda ere izan daitezke zoriontsu eta egiten ari direna egiteari utzi. Graziaz beterik onartzen dute ospea, erreinua zerbitzatzeko zereginari laguntzen dioten heinean, baina aldi berean ez diote jazarpenari eta ospe ezari ihes egiten, horrela ongia lortuz gero, eta erraz bizi daitezke boterearen tokirik gabe. Giza baldintzak berekin du askatasuna kentzen diguten “aitzakiak” edukitzea; beharbada, gaurko meditazioan nahikoa litzateke “aitzakia kaltegarri” horietatik askeago izan gaitezela egiaz eskatzea, gaizkiaren tentazioan ez erortzeko. Jainkoaren argitasuna eskatuko dugu.
Testuak:
Mateo 4: 1-11. Etsaiaren taktika ez da Jesus gaizkia egitera gonbidatzea, baizik eta gauzak, prestigioa eta boterea dituen Mesias izatea proposatzea, eraginkortasun eta arrakasta handiagoa izateko; pobreziaren, jazarpenaren eta ezintasunaren Mesias solidarioa izan ordez, Aitak esan bezala.
Kohelet 3:1-22. Gizakiek ezin dituzte Jaunaren bideak ulertu. Hobe izango dugu Berarengandik gertu egotea. Gauza guztiek dute beren garaia. Jainkoaren denborak mantendu behar ditut nire bizitzan.
Esaera Zaharrak 3:1-12. Izan gaitezen Jainkoari leial eta ez dezagun fedea gal eta inoiz ez dugu akatsik egingo.
Jakinduria 3:1-12. Beraien konfiantza Jainkoarengan jarri duten haiek badakite Bera egiazkoa dela eta leialek Jainkoaren maitasuna lortuko dute.
Mateo 6:24-34. Inork ezin ditu bi jaun zerbitzatu, bata gorrotatu eta bestea maitatuko baitu edo bati eskainiko zaio eta bestea bazterrean utziko du. Ezin dituzue zerbitzatu Jainkoa eta aberastasun materialak edo zuen idolo txikiak.
Amaierako elkarrizketa: gure barne erromesaldiko etapa honetan gure lagun eta adiskide Jesukristorekin ibiltzen ohitu gara eta adiskideek elkarrekin hitz egiten duten adinako askatasunez hitz egiten dugu elkarrekin. Barneko indarra eta grazia baldin badauzkazu, eska iezaiozu bere ikurrinaren pean har zaitzala Jainkoaren Erreinua bere ondoan eraikitzeko. Amaitzeko, “Aita Gurea” esan.
Leave a Reply