Manresa

Duela ia bostehun urte Loiolako Ignazio ia urtebetez bizi izan zen Manresan (1522-23), bere bizitzeko eraren erabateko aldaketaren sinbolo izan zen Montserratetik jaitsi ondoren, bere zaldun jantzien ohoreak eta ezpatak adierazten zuen erasokortasuna utzita, Amabirjina Beltzaren aurrean gau-beila gogoangarri hura egin ondoren.

Manresako bere egonaldia funtsezkoa gertatu zitzaion. Hor, bere erabateko eraldaketa gertatu zen eta jakinduria ikasi zuen, bere zahartzaroan aitortuko zuen bezala, jesuita-kideek zirikaturik, bere bizitzako pasarteak ezagutzera eman zituenean. Enfasi handiz gogoratzen zuen une hura, behin batean San Paulo elizara zihoala Cardener ibaiaren bidean, eseri eta ibaira begira gelditu baitzen; orduan “adimenaren begiak ireki zitzaizkion eta gauza asko ulertu eta ezagutu zituen, bai espirituaren araberakoak eta baita sinesmenaren edo letren araberakoak ere; eta gauza guztiak berriak iruditzen zitzaizkion, beste gizon bat balitz bezala eta beste adimen bat balu bezala”. Eta jarraitzen du esaten “bere bizitza guztian zehar, Jaungoikoagandik jasotako laguntza guztiak eta ikasitako guztiak bildu ahal balitu ere, ez litzaioke irudituko une hartan jaso zuen beste izatera iritsiko liratekeenik”.

Ignazioren Manresako bere hamaika hilabeteetako esperientzia fundatzailearen gailurra izan zen hau; gerora, handik jaiotako ignaziotar espiritualtasunaren eta haren obra intelektual, sozial, pedagogiko, kultural, etab., osoaren sehaska bilakatu zen.

Manresako udalaren web-orrian sartzeko gonbita egiten dizuegu, hiri handi honen berri jakiteko, eta Manresako Leize-zuloaren webean, PDF bat aurkituko duzue Ignaziotar Manresaren informazio osoarekin, lotura honetan. Santutegi tel: 938 751 579.