Ignaziok bere bizitza aldatu nahi du eta, horretarako, zer hoberik kontu guztiak ongi garbituta eta itxita uztea baino. Eta dirurik ez egon arren, Najerako Dukeak ez du zalantzarik izango Ignaziorenganako bere maitasuna agertzeko eta eskatutako guztia emateko.
«Eta dukearen etxean dukat apur batzuk zor zizkiotela bururatu, eta egoki iruditu zitzaion haiek kobratzea; eta hori jakinik, dukeak esan zuen, edozertarako falta zitekeela dirua, baina ez Loiolarentzat; ondare on bat eman nahi baitzion berari, berak nahi izanez gero, iraganean irabazitako kredituaren ordain. Diruak kobratu zituen, derrigortua sentitzen zen zenbait pertsonari banatzeko agindu zuen, eta zati bat eman zuen Andre Mariaren irudi batentzat, gaizki osatua baitzegoen, hura osatu eta oso ongi apaintzeko. Eta hala agurtu zituen berarekin zihoazen bi morroiak, bakarrik abiatzeko Navarretik Montserratera. Bere herritik abiatu zenetik gauero diziplinatzen zen».
Ez da dirua Ignaziori axola zaiona, izan ere, karitateko obretan edo berak zerbait zor ziela uste zuenen artean banatu baitzituen. Ekintza ontzat jo zuen Andre Mariaren irudia konpontzea. Bere bidea egiten ari zen Ignazioren barne eraldaketa, eta normala da ikur erlijiosoetan azaleratzea. Eta baita penitentzia ekintzetan ere, gauero bere burua zigorkatuz. Ez gaituzte harritu behar, antzinako okerren ordainez eta Jainkoak eskaintzen dion bizi berrirako dohaina jasotzeko prestaketa gisa egindako penitentzia hauek. Jarrai diezaiogun Ignaziori bere prozesuan: agian gu ere gonbidatuak izan gara bizi berri bat hastera.

Castellano
Català
English
Français
