Ignazioren arrastoak 7

Oharpenak: Gure bizitzetan gaizkiak duen presentzia kontuan hartzen jarraituko dugu, baina gaur era pertsonalagoan. Berriro gure akatsen kontzientzia hartzea bilatuko dugu, eta Ignaziok berriro “egun triste” bat esperimentatzeko aholkua ematen digu, gure bizitzan bekatuaren errealitate hori aurkitzean. Manten dezagun aldarte bihozmindu hori hausnarketa aldian, gaizkiaz jabetzen hobeki laguntzeko.

Eskaria: Sortua izan naizen helburuaz eta Jainkoak gonbita egiten didan  bokazioaren jakitun izanik, eskatzen dizut, Jesus Jauna, eman diezadazula nire bizitzan, bekatuaren eta nahikari okerren presentzia sakonki ulertzeko gaitasuna, horien lotsa eta nahasmena sentituz irits dezadan horrela nire sendabidea eta barkamena.

Gogoetak: Atzo, mundu bekatariaren errealitatea, neure bekatua, sakonago ulertzeko graziaren alde egin genuen otoitz. Egia da gu ere bekatariak garela, ez hiltzailerik ankerrenak bakarrik, baizik lehen graduko nire maistra jatorrak esan ohi zuen bezala: gutako bakoitza da bekataria, Aita-santuarengandik hasi eta gaur goizeko albistegien gertakizunak betetzen dituzten zoritxarreko behartsuenenganaino. Gutako bakoitzak ditugu, Jainkoaren planaren aurka matxinatzen gaituen ohiko jokabideak: Zein da nirea? Salmoak hots egiten du: “Jaunak entzuten du behartsuen oihua”. Eta guk zer? Ba al ditugu zenbait jokabide, gehienetan “premian direnekin” topo egin dugunean entzungor izan garenak: behartsuak, zaharrak, oso herrikoiak ez diren “lagunak”, baztertuak, etab.? Ba al da gure jokabideetan, beste pertsonak edo egoerak erabiltzen eta haietaz baliatzen garenik, geure premiak asetzeko, arreta deitzeko, diru zikina lortzeko, geure sexuaz baliatzeko, onespena erosteko, modu berekoian erosotasuna, bazterketa, ez inplikatzea bilatzeko?

Gaur gure bekatari izaera ulertzeko grazia eskatzen dugu. Sarriegi, gure kulturak “anestesiatu” egiten gaitu, gure gaizkiaren erantzukizunik ez hartzeko. Aristotelesek, esan zuen behin “aztertu gabeko bizitzak ez du merezi bizi izatea”. Horrekin, gure akatsak eta ohiko okerrak aztertu beharraz ari gara, gure bizitzako txoko ilun horiek, baita “normal” bihurtu diren ohiturak ere, beherantz eramaten gaituztenak eta ez digutenak itzultzen uzten eta Jainkoarekin, ingurukoekin eta Jainkoaren munduarekin harreman egokian bizitzen. Eska diezaiokegu Jainkoari, eman diezagula geure buruari eta geure bekatuei, gure puntu itsuei, aurre egiteko ausardia, horiek ezagututa gaitzetsi ahal izateko.

Ziurta dezagun Jainkoarekin eta Jesusekin hitz egitea. Gure bekatuan utzita sentitzea da hain zuzen ere gaurko egunerako bilatzen dugun graziaren guztiz kontrakoa, Gure bekatuen kontzientziak ez gaitu utzi behar geure auto-errukian edo depresioan iraulka, baizik alderantzizkoa eskatzen dugu graziaren bidez: miresmen eta eskerroneko sentimendua «bekatariak izanik maitatu» gintuen Harenganako, hain maite izan gintuen Jainkoak, bere Seme bakarra eskaintzeak merezi zuela uste izateraino. Jesusek hainbeste maitatu gintuen, bekatariak garela jakinda ere, bere Aitari laguntzeko bere nahia erabatekoa izan zela. Ignaziok gure bekatuen benetako lotsa sentitzera gonbidatzen gaitu, oraindik hemen bizirik egotearen mirari handiarekin batera: bekatari, maitatu eta berrerosia sentitzearen miraria. Barruko sendabidea bilatzen dugu, bekatari maitatuak garela jakinik.

Testuak:

Lukas 15:1-7. Jesus da bekatariei harrera ona egiten diena eta haiekin batera jaten duen gizona.

Lukas 5:1-11. Nik esaten diot Jesusi: Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz-eta!

2 Korintoarrei 12:8-10. Ahulezian agertzen baita nire indarra.

Azken hizketatxoa: «Kristo gure Jauna aurrean eta gurutzean josita irudikaturik, hizketatxo bat egin: nola etorri den Egile izatetik gizon izatera, eta betiko bizitzatik aldiko bizitzara, eta horrela ene bekatuengatik hiltzera. Beste horrenbeste neroni begira: zer egin dudan Kristogatik, zer egiten dudan Kristogatik, zer egin behar dudan Kristogatik; eta horrela, gurutzean esekita ikusiz, pentsatu buruak ematen duen guztia. Hitzaurrea, egiaz, mintzatuz egiten da, lagun batek besteari edo morroi batek nagusiari hitz egiten dion bezala; inoiz mesede bat eskatuz, inoiz egindako erruren bat bere bururatuz, inoiz gauzak elkarri kontatuz eta haien argibidea bilatuz. Esan Gure Aita».

PrintFriendly

Leave a Reply