Oharpenak: Prestamen-otoitzaren garrantzia azpimarratzen jarraitzen dugu eta hori hausnartzen denbora hartzea komeni da. Gogora dezagun Ignaziok esaten digula gehiago asetzen duela “gauzak barrenean sentitu eta gozatzeak” asko jakiteak baino, eta beraz ez dugu presarik izan behar. Gaur gure Sustraiaren eta Oinarriaren inguruan begiratu behar dugu, gizon-emakumeok zein Xedetarako izan garen eginak. Ikuspegi globala izatea ezinbestekoa da, aurrerago zehazteko.
Eskaria: Jauna, zure Maitasuna nire bizitzan sentitzeko grazia eman diezadazun nahi nuke, eskerrak emateko ekintza sakon baten bidez. Lagun iezadazu Jauna, nire bizitzaren oinarria zure nahiaren arabera aurkitzen.
Gogoetak: Gure bizitza osoa bidaia espirituala izan dela gogoratzen hasiko gara. Bidean goazela, denbora bat hartuko dugu gure historia gogoratzeko, hau da, otoitzaren bidez bidaiatzen utziko diogu gure adimenari. Gogoratuko ditugu eta Jainkoari utziko diogu gure iraganeko une gakoak erakuts diezazkigun, era guztietako argazki-albuma, mingarriak batzuek, alaiak besteak: gure bizitzako une honetara ekarri gaituen historia da. Nor naiz ni? Nola iritsi naiz puntu honetara nire bizitzan? Zein pertsona, leku edo unek izan dute eragin garrantzitsua, eta lagundu dute, ni orain naizen hau moldatzen? Bidelagun izan ditzagula azaleratzen diren irudi hauek, eskerronezko edo saminezko sentimenduekin batera.
Seguru asko, une ederrekin batera izango dira lotsa sentimenduak ekartzen dizkiguten pertsonak edo bizitzako alderdiren batzuk, ahaztu nahi ditugun uneak eta inola ere uste ez dugunak Jainkoak onar ditzakeenik. Aurkez diezazkiogun Jainkoari une horiek, geure burua onartzeko bidean hazten lagun diezagun. Ez dugu geure buruarekin erabat adiskidetuta sentitzeko edo gaur dena “konponduta” utzi beharrik sentitu behar: gaur azaleratutako jendea, uneak eta sentimenduak, hazi gerta daitezke Jainkoarekin egingo dugun gure bidean, gure erromesaldia garatzen goazen heinean. “Gure bizitza osoa Jainkoari aurkezteko” prozesua ari gara bizitzen, eta horrek alaitasunez eta eskerronez betetzen gaitu, baina damuz eta lotsaz ere bete gaitzake. Bilatzen ditugun fruituak, eskerrona, ulermena eta norbere buruaren onarpena dira, eta baita Jainkoak onartuak garela ulertzea ere. Pentsa dezagun geuregan «urrea garbitzen» ari bagina bezala, datozkigun ideia guztien artean gure bizitza iragaziz, «urrea» bakarrik gelditu arte, gehiago ikas dezakegun edo geu hazi gaitezkeen bizitzako alderdiak, Jainkoak gogoeta egiteko gidatzen gaituen egoerak ere aurkituz
Testuak:
Oseas 11,1-9. Niganako Haren maitasuna samurtasunez beterik dago.
139. salmoa, 1-14.17-18. Beldurrez eta miresmenez gogoratzen dut, nola Jainkoak zaindu izan nauen une alai eta mingarrietan, arrakasta eta porrot garaian, leialtasun garaian eta baita desleiala izan naizenean ere.
Gogojardunak, 5: «Gogojardunak hartzen ari denari on handia egiten dio haiei ekiteak bere Egile eta Jaunarekiko adore handiz eta esku zabal-zabalez, bere nahimen eta askatasun osoa eskainiz, Jainko handia balia dadin bai haren pertsonaz, bai daukan guztiaz, bere borondate txit santuaren arabera».
Azken hizketatxoa: Otoitzean hausnartutakoaren lapurpena egin, Jesusekin, lagun batek beste batekin hitz egiten duen bezala hitz eginez. Egindako bide-zatian aurkitutako puntuez hitz egin berarekin.

Castellano
Català
English
Français
