Oharrak: Ez dezagun “prestatzeko otoitza” ahaztu. Gure gogo-jardunen “hirugarren astean” gaude. Jesusek bere “bizitzako erromesaldian” gero eta zailtasun handiagoei egin behar die aurre eta Ignaziok zailtasun horietaz ohartzeko eskatzen digu. Gure erromesaldiko zatirik “lehorrenean” sartuko gara, Jesusek gugatik egindako ahalegin eskuzabala kontuan izan behar dugu. Gure bihotza “triste” dago, Jesusekin Jerusalemera baikoaz bere bizitzan azkeneko aldiz. Gure amaierako elkarrizketan Jesus barnetik ezagutzen jarraituko dugu, gurutzean hilko da, errugabea izan arren. Tristezia horretaz hitz egingo dugu gure “adiskidearekin” otoitzeko azken elkarrizketan eta egunean zehar.
Eskaria: Aitari eskatzen diot Jesus ekar diezadala bere erronka entzun eta uler dezadan, bere abenturaren zirrara sentitu eta Bera eta bere herria zerbitzatzeko grina bizia sentitu, bere zortea eta sufrimendua partekatuta.
Hausnarketak: Ebanjelioan Jesus Galileatik Jerusalemera doa erromes; hor egingo du Azken Afaria, nekaldiaren ondoren hil aurretik. Ia hiru urte egin ditu bere ikasleekin, baina azken bidaia honek argi utziko du oraindik ez duela bere mezua erabat igortzerik lortu. Jainkoaren erreinuan handiena zein izango den eztabaidatuko dute, esaterako. Jesus beste behin saiatuko da azaltzen Jaunaren erreinuko buru izatea besteak zerbitzatzea dela. Ez dute ulertzen -edo beharbada ez dugu entzuten eta onartzen- Jesusen bideak sufrimendua eta sakrifizioa berekin dituela: norbere buruari uko egin behar zaio. Kontenplaziozko irudimenarekin Jerusalemerako bidaia luze honetan Jesusekin batera joango gara erromes. Galderak egingo dizkiogu eta otoitz egingo dugu gure begiak ireki eta Bere mezua argiago ikus dezagun eta gure belarriak Bere deia entzuteko ireki daitezen.
Jesus ahul eta nekatuta sentitzen da ibilian. Ikasleak ur eta janari bila doaz, baina Bera herritik kanpo geratuko da. Eguzkia goian dago eta bero egiten du. Samaria. Joanen ebanjelioak emakume samariar bat etorri zela aipatzen du. Judutarrak eta samariarrak arerio gogorrak ziren. Jesus putzu baten ondoan dago, ura atera nahi du, baina ez du ateratzeko ezer. Laguntza behar du. Jesus egarri da eta emakumeari ura eskatu dio. Ondorengo elkarrizketan Jesus nor den jakingo du emakume samariarrak eta Kristo bezala onartu ere bai, ura behar duen gizon nekatu eta ahula izan arren.
Nor naiz? Nor da Jesus? Jesusekin topo egitean, geure buruak sakonago ulertzen laguntzen digu Jaunak eta prozesu horretan Jauna ere sakonago ulertuko dugu. Ignaziar Bidea “Monegroetatik” igaro da, basamortuko klimaren antzekoa da horkoa. Eskualde beroa da, hautsez betetako paisaia lehor honetan Jesusen eta bere entzuleen errealitatean eta irudikapenean ura zein garrantzitsua zen pentsa dezakegu. Janaririk eta urik gabe, ez dago bizirik. Ebanjelioetako irudirik sinbolikoenetako bat daukagu aurrean: Jesus betiko biziaren ura da, inoiz lehortzen ez den iturria, ur ugaria. Jesusekin topo egitearen nahitaezko ondorioa da eraldaketa pertsonala: ezinduen bizitza aldatu zuen bezala aldatu zion emakume samariarrari ere berea. Gerturatu gaitezen putzuaren ondoan dagoen Jesusengana, emakume samariarrak egin zuen bezala: nor naiz ni? eta nor da Jesus? Zer esaten dit Jesusek? Zer erantzuten diot?
Testuak:
Markos 10, 32-45. “Zuen artean lehenengo izan nahi duena, izan bedi zuen zerbitzari”.
Joan 4:6-15. “Ur honetatik edaten duena, berriro ere egarri izango da; nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango.”
Joan 6:30-44. Jesus bizia ematen duen ogia eta ura dela sinesten dut eta Aitari erregutzen diot Berarengana gehiago hurbil nazala, janez eta edanez bizi berria izan dezadan.
Amaierako elkarrizketa: meditatutakoaren laburpen bat egin otoitzeko tartean, Jesusekin adiskide batekin bezala hitz eginda. Egindako bide zati honetan aurkitutako puntuez bihotza ireki berari. Hala sentituz gero, bere ikurrinaren pean hartzeko eskatuko diogu Jesusi. Amaitzeko, Aita Gurea esan.

Castellano
Català
English
Français
