17. Etapa: Fuentes de Ebro – Venta de Santa Lucia (28km)

Metatutako alt. igoera: 181m. Jeitsiera: 111m.

Fuentes de Ebro: 0km. Pina de Ebro: 11,3km. Venta de Santa Lucia: 28km

Fuente de Ebro herria utzi eta Ebroko Santiago Bidea utziko dugu: Loiolako Ignaziok bere Montserraterako erromesaldian hartu zuen  Errepide Nagusia jarraitzen du gure Ignazio Bideak, eta Kataluniako Santiago Bidearen kontrako norabidean doa hain zuzen.

Elizako atean jarri eta kale nagusia hartuko dugu, aurrean duguna, eta hortik jarraituko dugu Ramón y Cajal kalera iritsi arte; kale hori gure ezkerrean dago eta behera hartuko dugu. Kale Nagusian, gure eskuinera eta ia asfaltoan, gezi hori batek aurkako bidean goazela gogoraraziko digu. Errepide nazionalera iritsi eta gurutzatu egingo dugu, kalean aurrera jarraituko dugu bidegurutze batera iritsi arte: eskuinekoa hartuko dugu, Lorenzo Pardo Hiribidea. Adi, 250 m-ra eskuinera hartu beharko dugu, Baño kalera. Bide horretatik beti aurrera Abiadura Handiko trenbidearen tunel batera iritsiko gara.

Tunela igaro eta Zaragoza-Bartzelona trenbidearen gaineko zubi batera iritsiko gara. Gurutzatu eta zuzen jarraituko dugu Abiadura Handiko trenaren zubi handi baten azpira iritsi arte. Ez gara zubi horren azpitik igaroko, baizik eta hortik eskuinera doan bidea hartuko dugu, ubide baten ondoan dagoena. Aurrera jarraituko dugu, ubidearen norabide berean. Bidegurutzea: ezkerrekoa hartuko dugu, Ebro ibairantz doana. Ibaira iritsitakoan eskuinera hartuko dugu ibaiaren bihurguneei jarraituaz.

Aurrera jarraituko dugu. A-1107 errepidera iritsiko gara eta ezkerrera hartuko dugu zubiaren gainetik igarotzeko. Hemen Ebroko Donejakue Bidea utzi eta Kataluniako Donejakue Bidean sartuko gara. Pinan sartuko gara, Ebro ibaiaren gaineko zubia igaro eta Ignazioren Bidean hain lagun ona izan dugunari agur esango diogu.

Zubia igarota, nahi bada eskuinera biratu eta herrian sartu, edo bestela errepidetik zuzen jarraitu, herria inguratuz. Herrian sartzeak 1km asfalto eta kotxeak aurrezten dizkigu, baina inguraldi bat emanarazten digu. Nolanahi ere, herritik irtetean, errepidean aurkituko gara N-IIra bidean. Pina de Ebro kooperatibako nekazaritzako nabe handi batek adieraziko digu norabidea:  oso agerian COOPINA letreroa duela. 1,5kmra, Nekazaritzako Kooperatiban gaude eta errepidearen paraleloan doan asfaltatu gabeko bidea hartuko dugu.

Kooperatiba igarota, eskuinera utziko dugu herriko hilerria. Gure bidea ureztatzeko kanal baten ondora iristen da eta errepidetik urrunduko gara, “Mirador de San Gregorio” izeneko asfaltatu gabeko bidea hartuz. Bide horretan aurrera eginez, ez dugu San Gregoriora doan bidea hartuko, baizik aurrera egingo dugu, industriaguneko asfaltatutako kalera iritsi arte, goian gure aurrean. Eskuinera dagoen kalea hartuko dugu beherantz. Lehen kalean ezkerrera hartu eta aurrera jarraituko dugu, argindar dorre handi batzuetara zuzentzeko. Gezi horiak ikusiko ditugu kaleko argindar posteetan.

Kaleen bidegurutze batera iritsiko gara, Goi-tentsioko argindar dorre baten ondora. Asfaltatu gabeko bidea eskuinean hasiko zaigu, dorrearen ondoan, eta hori hartuko dugu. Argindar posteak izango ditugu bidelagun, eta zezen handi baten irudiak egingo digu diosala. Zezen beltzaren ondora hurbilduko gara. Zuzen jarraituko dugu N-II errepidera iritsi arte, hau izango dugu gure bidelagun berria.

Ez dugu gurutzatuko, baizik eskuinera dagoen bide batetik desbideratuko gara, aldi baterako N-II errepidetik urrunduko gaitu horrek-eta. Goraka goaz Monegros goi-ordokirantz. Aurrera jarraituko dugu asfaltatu gabeko gure bidetik, landa-zelaietan sigi-sagan aurrera eginez. Ez dugu beste biderik hartuko. N-II errepidetik 2,8kmra, Monegrosen goi-ordokiaren gailurrean, eta abeltegi nahiko handi batzuk ikusiko ditugu ezkerrera. Bertara iritsitakoan bikoiztu egiten da bidea: ezkerrekoa hartu eta aurrera jarraituko dugu.

1kmra dago beste bidegurutzea, eta eskuinera hartuko dugu. Aurrera jarraituko dugu beste 1,8km inguru, han beste bidegurutze bat aurkituko dugu, eta ezkerrera hartuko dugu. 1kmra dago beste bidegurutzea, eta eskuinera hartuko dugu. Aurrera jarraituko dugu, gure bidetik, bide nagusia baita, inguruko zelaietatik sartu edo irteten diren alboetako beste bideei kasurik egin gabe. N-II errepidera hurbiltzen ari gara. Bideak Venta de Santa Luciara eramango gaitu, atzeko aldetik iritsiko gara.

PrintFriendly

Leave a Reply